Ibon Errazu: "Antolatzaileek estimatzen dute argazkiak argitaratzea"

Mailo Oiarzabal 2022ko ira. 9a, 09:12

Ez du garbi gogoratzen noiz eta nolatan hasi zen, baina herri kiroletan garatzen ari da aspaldian bere zaletasuna. Ekitaldi handietan zein txikietan, han eta hemen ibiltzen da astero.

Ez da argazkilari profesionala, baina profesionalen pare eta profesionalak iristen ez diren tokietan aritzen da sarri Ibon Errazu Uria (Azkoitia, 1979). Suhil- tzailea, Gurutze Gorrian boluntario eta hezitzaile… eta, tartea duen gehienetan, herri kirolen plazetan ez bada, trikiti doinuak barreiatzen diren haietan ibili ohi da.

Noiztik eta nondik datorkizu argazkilaritzarekiko zaletasuna?

Amak esaten du beti gustatu izan zaidala argazkilaritza, txikia nintzela kamera kentzen niola –analogiko txiki bat zeukan– eta etxekoei-eta argazkiak ateratzen ibiltzen nintzela. Argazkiak inprimatutakoan, ordea, beti kexatzen omen nintzen: «Ni falta naiz», esaten omen nuen. Saiatzen omen ziren esplikatzen neuk ateratako argazkiak zirelako ezin nintzela azaldu, baina…

2003rako banuen neure lehen kamera, digital txiki haietako bat. Urte hartan hasi ginen Urrategi auzoko festak antolatzen, eta horrela hasi nintzen argazkilari jardunean, auzoko argazkiak-eta jendeari eta komunikabideetara bidaltzen. Lehen kamera handia, berriz, 2008an ekarri nuen. Harrezkero beste bat ere erosia dut, eta horrekin jarraituko dut, irauten didan bitartean. Canon 6D bat da, eta ekipo semiprofesionala erabiltzen dudala esan daiteke.

Eta noiz eta nolatan hasi zinen herri kiroletako saioetan argazkiak egiten?

Bada ez dakit, zehatz esateko; begiratu egin beharko nuke. Herri kiroletan eta trikiti munduan ibiltzen naiz nagusiki. Trikitilarien argazkiekin auzoko festen bidez hasi nintzela gogoratzen naiz. Ondoren, 2008, 2009 edo 2010 buelta horretan Azpeitiko sanjosetako jaialdiaren antolakuntzaren lekukoa hartu zuen kuadrillan tartean nintzen, eta handik aurrera hasi nintzen trikiti munduko argazkiak gehiago lantzen; Trikitixa Elkarteak baimena eman zidan jaialdian argazkiak ateratzeko eta haiek bidaltzeko. Jabetu nintzen argazkiak bidaliz gero, azaldu egiten zirela gero han eta hemen, hedabideetan eta. Hedabideak ez dira iristen ekitaldi guztietara, eta trikitia dela edo herri kirolak direla, argazki batzuk eta dagokien azalpentxoa bidaliz gero, horiek erabili eta zabaldu egiten dituzte askotan hedabideek. Bidaliz gero, azaltzeko arriskua dago, eta antolatzaileek estimatzen dute argazkiak hedabideetan argitaratuta ikustea. Gustatzen zaizkit herri kirolak. Mundu bitxia da, herrikoia, baita zabala ere, modalitate asko daudelako; eta, gainera, badu bere saltsa.

Zeure kasa aukeratzen dituzu hitzorduak ala joateko eskatzen dizute?

Ezagutzen nauten antolatzaile askok beti pasatzen didate abisua, eta ni saiatzen naiz ahal dudan guztietan erantzuten. Beste batzuetan, neure kabuz joaten naiz. Beti eskatzen dut baimena, hori bai. Normalean, antolatzaileek gustura hartzen dute argazkiak ateratzera joatea eta ez dute eragozpenik jartzen, alderantziz. Propaganda handia egiten duten edo sona handia duten ekitaldietako antolatzaileek ez dute arazorik izaten, normalean horietara prentsa orokorra joan egiten da.

Inguruotan zein inguruotatik kanpo, herri kirol saio gehientsuenetan aritzen zara kamerarekin jo eta ke. Astebururik libratzen al duzu?

Saiatzen naiz ahal dudanetara joaten, bereziki joateko eskatu badidate. Hala ere, ezin badut, ez naiz joaten, eta ez da ezer gertatzen. Denetara ez naiz ailegatzen, ezinezkoa da-eta ailegatzea.

Lanarekin-eta erraz uztartzen al duzu argazkilari jarduera?

Bai. Laneko egutegia begiratzen dut, eta lanorduetatik kanpo herri kirol ekitaldiren batera joateko modua dudala ikusten badut, joan egiten naiz; konplitzen saiatzen naiz. Itzulerakoan izaten dut lanik txarrena. Batzuetan, idi probetan, esaterako, berandu bukatzen dira saioak, are beranduago iristen naiz etxera, eta biharamunean zeregin zerrenda luzea zain… Azken urteetan horrela bizi naiz. Konpromisorik ez daukat eta horrek libratzen nau.

Gustura zabiltzalako, ezta?

Bai, hori da.

Gogoz kontra joatea ere tokatuko zaizu inoiz…

Beno, gogoz kontra edo… Egia da behin baino gehiagotan gertatzen zaidala, adibidez, kuadrillakoekin afaltzera joatea, eta hamarrak aldera martxa egin behar izatea, saio batera joango naizela aginduta egoteagatik.

Argazkilari hasi zinenetik hona, herri kirol saioak ugaritu egin direla esango al zenuke?

Betikoak diren hitzordu batzuk daude, txapelketa nagusiak eta. Herrietan ere mantendu egin dira ohiko saioak; Azkoitiko idi probak, esaterako. Baina esango nuke auzoetan-eta bai sortu dela mugimendu gehiago, eta azkenengo boom-a pentatloiak eragin duela. Pentatloiak aukera asko eskaintzen ditu. Duela gutxi triatloia ere antolatu zuten Elgoibarren, neskena: txingak, aizkora eta harria. Oso ikuskizun polita izan zen. Esango nuke herri kirola ari dela mugitzen. Pandemia ondorenean dena batera eta indarberrituta irten dela ere izan daiteke, baina jendea mugitzen da.

Hedabideetara bidaltzeaz gain, zer egiten duzu argazkiekin? Bilduma mardula izango duzu honezkero.

Momentuz, argazkiak gorde bakarrik egiten ditut, bakoitza bere karpetan. Baina ez ditut behar bezala gordetzen. Jabetuta nago ez garela ari lana behar bezala egiten. Zer saiotan, non eta zer egunetan atera ditudan zehaztuta gordetzen ditut argazkiak; baina ekitaldi bakoitzen izan diren protagonisten izenak gordetzen ez naiz hasi oraindik, ez dut horretarako betarik hartu, eta uste dut huts handia dela hori. Argazki jakin bat eskatu izan didatenetan, eguna edo txapelketa zehazteko eskatu izan dut, bilatzen nondik hasi jakiteko.

Artxibatze lanean zer hobetua ikusten diozu, beraz, zeure buruari.

Bi memoriatan kopiatzen eta gordetzen ari naiz argazki denak, eta bi memoriak etxeko toki banatan gordetzen ditut, badaezpada ere. Eta ateratzen ditudan argazki guztiak gordetzen ditut, ez dut batere ezabatzen.

Zenbat argazki dituzu gordeta guztira?

Asko, baina ez dakit zenbat, ezta gutxi gorabehera ere.

Guztien artetik bat aukeratu beharko bazenu, zein? Ba al duzu argazki kutunen bat?

Ez, ez daukat halakorik. Uste dut ekitaldi bakoitzean egoten dela berezia edo aparteko ukitua duela iruditzen zaidanen bat. Galdu ditudanak, horiek bai ditudala gogoan: han egon, eta gertaera edo une esanguratsuena argazkian jaso ez izana, bestaldeko puntan egoteagatik edo parean ez egokitzeagatik.

Herri kirolen artean, zein da argazkitarako ikusgarriena?

Kirolak edo modalitateak baino, esango nuke pertsonek egiten dutela aldea; kasu honetan, kirolarien adierazkortasunak, aurpegikerarekin edo keinuekin transmititzeko duten gaitasunak. Bestetik, orain crossfitetik herri kiroletara etortzen hasi diren gazteak ikusgarriak dira. Haien gorpuzkerak ez du zerikusirik orain arteko herri kirolarien gorpuzkerarekin.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide