Kontxa konkistatzea amets

Andoni Elduaien 2022ko ira. 10a, 10:53
Unanue eta Balenziaga, Donostiako Aquarium aurreko arrapalan. (Argazkia: utzitakoa)

Jon Unanue eta Joanes Balenziaga arraunlari azkoitiarrak Kontxako Bandera lortzeko borrokan sartuta daude bete-betean. Unanuek laugarren aldiz lortu nahi du balentria Bermeoko Urdaibai arraun elkartearekin, eta Balenziagak aurrenekoz Donostiako Donostiarrarekin. Probaren lehen jardunaldia jokatuta, Urdaibaik zazpi segundo pasatxoko aldea ateratzen die Hondarribiari eta Donostiarrari. Bihar jokatuko dute banderaren bigarren jardunaldia.

Azkoitiko lagun bat baino gehiago aritzen da arraunean kostaldeko arraun elkarteetan, baina Jon Unanue (Azkoitia, 1988) eta Joanes Balenziaga (Azkoitia, 1996) dira mailarik gorenean aritzen direnak. Arraun norabide berean egiten badute ere, ontzi desberdinean aritzen dira egun bi lagunak; izan ere, Bermeoko (Bizkaia) Urdaibai arraun elkarteko Bou Bizkaia ontzian dihardu Unanuek, eta Donostiako Donostiarra arraun elkarteko Torrekua II ontzian Balenziagak.

Herriko bi lagunak itsasoko banderarik preziatuenagatik ari dira lehiatzen asteotan Donostiako uretan: Kontxako Bandera. Joan den igandean jokatu zuten lehen jardunaldia, eta bi azkoitiarren elkarteekin batera, Hondarribiak lortu zuen sailkapenik onena. Lehen txandan aritu ziren hondarribiarrak, eta haiek egin zuten lehen lau ontzien artean denborarik onena. Bigarren txandan itsasoratu ziren, bestalde, bi arraunlari azkoitiarrak. Aurreneko luzean Balenziagaren Donostiarrak egin zuen denborarik onena, baina, ziabogaren ostean, Unanueren Urdaibai nagusitu zen, lehen jardunaldiko denbora onena ezarriz. Bizkaitarrek 19 minutu, 21 segundo eta 56 ehuneneko denbora ezarri zuten, eta zazpi segundo pasatxo beranduago sailkatu ziren, hurrenez hurren, Hondarribia (19:29:20) eta Donostiarra (19:29:26).

Unanueren esanetan, pentsatzen zuten estropada hasi baino lehen Donostiarra proba "lehertzera" itsasoratuko zela. "Hasiera indartsuak egin ohi dituzte donostiarrek, baina guk ez genuen hori egiterik nahi. Eustera atera ginen uretara, gure unea iritsiko zelakoan. Estropada berezia da Kontxakoa, eta nire iritziz, Donostiarrak asko hipotekatu zuen estropada aurreneko luzean. Gainera, une batean beraien onetik irtenda ere ibili ziren epaileengatik, eta guk momentu hura baliatu genuen haiei aurrea hartzeko", adierazi du Unanuek. Urdaibaiko arraunlariak dio ziabogaren osteko hamar minutuak "oso luzeak" egiten direla Kontxan, eta amaieran "asko ez asmatu izanaren sentsazioa" izan zutela. "11-12 segundoko errentarekin joan ginen une batzuetan, eta estropada apurtzeko aukera izan genuen arren, ez genuen hori egin". Batetik, hartu zuten norabidearekin ez zutela asmatu uste du Urdaibaiko arraunlariak, eta bestetik, iruditu zitzaion ez zutela jakin badian sartu zirenean ontziaren muturra uretan sartzen.

Bestalde, Balenziagak uste du lan txukuna egin zuela Donostiarrak. "Hasieran, gure kalea txarra izango zela bazirudien ere, badiatik kanpora joateko ez zen horren txarra izan; oso txukun joan ginen, eta lau segundoko aldea atera genion ziabogan Urdaibairi eta zortzi-hamar segundokoa Hondarribiari. Badiara bueltan, ordea, bagenekien korrontea aurkariek baino txarragoa genuela, eta borroka egin beharko genuela", azaldu du. Itzulerako uneari erreferentzia eginez, Donostiarra taldeko arraunlariak ere hizpide izan ditu epaile kontuak. "Urdaibai gainera etorri zitzaigun pixka bat, eta epaileak tartean sartu ziren. Arraunketa galdu genuen orduan, jo behar genuen momentuetan ez genuen lortu, eta gainera etortzen utzi genien aurkariei. Horrez gain, epaileak ez ziren lekurik onenean jarri gure iritziz, olatuaren indarra asko mozten baitziguten. Horregatik, hiru minutuan sekulako kolpea eman zigun Urdaibaik; segundo askoko aldea atera ziguten, nahiz eta badian berriz aldea murriztea lortu genuen".

Biharkoari begira

Zazpi segundoko aldea bada tartea. Unanuek eta Urdaibaik alde dute denbora, eta aurka Balenziagak eta Donostiarrak. Bermeoko arraunlariaren hitzetan, "errenta edukiko ez balute bezala" itsasoratuko dira bihar. "Gurea egitera joango gara bihar Donostiara, erasora, eta berriz ere estropada irabazteko saiakera egingo dugu. Hondarribiak eta Donostiarrak ez dute ezer galtzeko, eta guztia ematera sartuko dira uretara. Lo harrapatzen bagaituzte, hanka barruraino sartzeko arriskua dugu, eta horregatik, irabaztera joango gara". Hala eta guztiz ere, Unanue jakitun da egoera oker jartzen baldin bazaie, "poltsikoan errenta ederra" dutela.

Donostiarra txanponaren beste aldean dago, baina badute bandera lortzeko itxaropena Gipuzkoako hiriburuko elkartean. "Aurten jokatutako estropada batzuetan zazpi segundoko aldea baino gehiago ere atera izan diegu, eta beraz, ez da ezinezkoa. Halere, oso talde ziurra da Urdaibai, ez dute kasik hutsik egiten. Horregatik, garbi dago irabazteko guztia ondo egin beharko dugula eta zortea alde eduki. Badugu ilusioa eta konfiantza geure buruarekin".

Unanuek badaki zer den Urdaibairekin Kontxan bandera irabaztea —hiru ditu irabazita—. Aldiz, Balenziagak lehen aldia du aurten Kontxan. Dena den, Urdaibaiko kideak dio Kontxan irabazitako banderak "ahaztuta" dituela –2016. urtean irabazi zuen ofizialki azkenekoz–, eta ordutik urte batzuk igaro direnez, taldea "gogotsu eta gosez" dagoela berriz bandera Bermeora eramateko. "Inor ez da aspertzen irabazten, eta Kontxako Bandera eta ligako koroa handiak dira guretzat. Irabazitakoa azkar ahazten da, eta beti datorrenari begira egon ohi naiz. Zentzu horretan, kirolariak berekoia izan behar du eta gehiago nahi izan behar du".

Arraun munduan urte batzuk badaramatza Balenziagak, Zumaiako arraun elkartean aritu baita azken urteetan. Aurten, ordea, Donostiarra taldera batu da hura, eta azkoitiarrarentzat berria da Kontxako Bandera lehiatzea. "Kontxako Bandera aurrenekoz jokatzen ari den taldekide bakarra naiz Donostiarra elkartean, eta berezia da hori. Gainera, ilusio bikoitza egiten du talde lehiakor batean egoteak eta Kontxako Bandera jomugan duen taldeko kide izateak; izan ere, ez da gauza bera zazpigarren edo zortzigarren postuagatik lehiatzea edo bandera borrokatzea".

Urdaibai, Hondarribia edo Donostiarra. Ezusteko handirik ezean, hiru ontzi horietako batek lortuko du bihar Kontxako Bandera. Bermeoko eta Donostiako poza Azkoitiko poza ere izango da aurten.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide