Bizkargi eskolako Laura Bastidak eta Ekain Uzkudunek Donostiako eta Lekeitioko dantza txapelketak irabazi dituzte

Andoni Elduaien 2022ko ira. 7a, 10:39
Bastida eta Uzkudun, Lekeitioko txapelketa irabazi ondoren. (Bizkargi eskola)

Joan den astean, Zarauzko Binakako Dantza Txapelketa irabazi zuen bikoteak, eta asteburuan Donostian eta atzo, asteartea, Lekeition irabazi zuten Bizkargi musika eta dantza eskolako ikasleek.

Bizkargi musika eta dantza eskolako Laura Bastida eta Ekain Uzkudun dantzari azpeitiarrak aste gozoa ari dira bizitzen. Joan den astean, Zarauzko Binakako Dantza Txapelketa irabazi zuten. Txapelketa horren ondoren, Donostian eta Lekeition (Bizkaia) aritu dira Bizkargi eskolako dantzariak, eta bi txapelketa horietan ere txapeldun izan dira.

Donostiako Helduen Dantza Suelto Txapelketa joan den igandean jokatu zuten, eta han Lezo, Oiartzun, Bergara eta Azpeitiko zazpi bikotek parte hartu zuten. Bastidak eta Uzkudunek irabazi zuten txapela eta Bizkargi eskolako Nora Aizpuruk eta Iker Zabalak osatutako bikotea laugarren sailkatu zen.

Atzo, berriz, Lekeition (Bizkaia) izan ziren. San Antolin jaietan murgilduta daude han, eta Lekeitioko III. Dantza Sueltoko Txapelketa jokatu zuten arratsaldean. Zazpi bikotek parte hartu zuten lehian, eta Bizkargi eskolako bikotea izan zen guztietan onena.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide