Ainara Iturralde azpeitiarrak Iraurgiren talde nagusian jokatuko du datorren denboraldian

Mailo Oiarzabal 2022ko abu. 30a, 18:49

Ainara Iturralde. (Utzitakoa)

21 urteko joko antolatzailea Euskadiko Lehen Mailako Txintxu Gozotegia taldetik igoko da LF Challenge ligako taldera. Juaristi ISBrako fitxaketa berri bat ere iragarri du saskibaloi klubak azken orduetan: Ibrahim Magassa hegalekoak Urrezko LEB ligako taldean jokatuko du, ACBko Betisek utzita.

Ainara Iturraldek (Azpeitia, 2000) Azkoitia-Azpeitia ISB taldean jokatuko du 2022-2023 denboraldian. 21 urteko joko antolatzaileak Euskadiko Lehen Mailatik Espainiako LF Challenge ligara egingo du jauzi, Iraurgiko senior mailako bigarren taldetik talde nagusira, Txintxu Gozotegia taldetik Azkoitia-Azpeitia ISBra.

"Gogotsu" dago Iturralde erronka berriari aurre egiteko. Euskadiko Lehen Mailan aritzetik LF Challenge mailan aritzera "jauzi handia" dagoela badaki, baita maila horretan jokatzeak "konpromiso handia eskatzen" duela ere, baina aitortu du "beti" izan duela talde nagusian eta goi mailan lehiatzeko "ilusioa". Bizi osoa darama Iraurgin Iturraldek, eta bere fitxaketarekin, Iraurgiren harrobiko hiru jokalari behintzat ariko dira emakumeen talde nagusian 2022-2023 sasoian; Intza Lizarazu azkoitiarra eta Alazne Lizundia azpeitiarra dira beste biak.

Magassa, Juaristi ISBra

Juaristi ISBrako fitxaketa berri bat ere iragarri du Iraurgi Saskibaloiak azken orduetan: Ibrahim Magassa hegalekoak Urrezko LEB ligako taldean jokatuko du, ACB ligako Betisek utzita.

Hegalekoa da Magassa ere. 2,03 metroko frantziarrak 19 urte ditu, eta ACB ligan hamabost partida jokatu ditu Sevillako taldearekin.