TAO sistema bihar berrezarriko dute herrian

Andoni Elduaien 2022ko abu. 31a, 09:00
Joseba jatetxearen aurreko aparkalekua.

Ibilgailuak aparkatzea doakoa izango den arren, horien jabeek TAOaren txartela atera beharko dute ezinbestean herriko bi gunetan aparkatu ahal izateko, eta denbora mugatua izango dute.

Abuztuan indargabetuta egon ondoren, bihar, irailak 1, TAO sistema berrezarriko du Azkoitiko Udalak. Herriko bi lekutan dago TAO sistema egun: bata, Joseba jatetxearen aurreko aparkalekuan, eta bestea, Plazaberrin. Aurrerantzean, beraz, bi gune horietan aparkatzeko txartela atera beharko da astelehenetik ostiralera bitartean.

Urtean zehar TAO sistema indarrean egon ohi da bi leku horietan. Gune horietan ibilgailua uztea doakoa bada ere, denbora mugatua da. Astelehenetik ostiralera bitartean, 09:00etatik 13:00etara nahiz 16:00etatik 20:00etara jarri behar izaten zaio TAOaren txartela ibilgailuari. Hala eta guztiz ere, ordu muga desberdinak daude ibilgailuak bi gune horietan aparkatzeko; izan ere, Plazaberrin ordu eta erdian eduki daitezke ibilgailuak aparkatuta, eta Floreaga jauregiaren aurreko aparkalekuan lau orduan.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide