Tomas Lizarazu: "Musikaz gain, zerbait gehiago eskaini nahi diogu entzuleari"

Mikel Garbia Martikorena (Berria) 2022ko abu. 25a, 10:12
Bulego musika taldea. (Argazkia: Arnaitz Rubio Aprea)

Gaur, abuztuak 25, Bilboko Aste Nagusian kontzertua eskainiko du Azkoitiko Bulego taldeak. Kontzertuaren harira, taldeko abeslari Tomas Lizarazuri elkarrizketa egin diote Berrian.

Bulegok lehen abestia argitaratu eta gutxira itxialdia heldu zen, eta bi urte igaro dituzte kontzertuak ahal zituzten moduan egiten. Tomas Lizarazu Gonzalez abeslariarentzat (Azkoitia, Gipuzkoa, 1993), oztopo horiek bide eman diete «taldeko filosofia eratzeko». Gaur, 23:30 aldera egongo dira Abandoibarrean.

Nondik dator Bulego?

Bulegoren parte garen bost musikariak aurretik beste proiektu batzuetan egon ginen elkarrekin. Proiektu horiek ez zituzten gure premiak ase, eta erabaki genuen hutsetik proiektu berri bat sortzea, musikaz gain bestelako arte diziplinak eskaintzeko.

Aurreko proiektuek zergatik ez zituzten zuen premiak ase?

Gauza oso ezberdinak egiten genituen; handik eta hemendik hartzen genituen erritmoak eta estiloak. Abestiak collage bat ziren. Alde musikalari dagokionez, beste interes batzuk genituen: sintetizadoreak eta perkusio elektronikoa. Atzerrian ohikoak ziren soinuak. Musikaz gain, beste zerbait gehiago eskaini nahi genuela konturatu ginen. Bizkarrezurra musika da, baina inguruan hainbat arlotako profesionalak biltzen saiatu gara proiektu osoago bat eratzeko.

Nolakoa izaten da zuen sortze prozesua?

Kantuak idazteko orduan bizipenak, esperientziak edo mugitzen nauten gauzak bilatzen ditut. Saiatzen naizenean kantuak idazten, momentuan jendeari zer gustatzen zaion erreparatuz, kantu hutsalak lortzen ditut soilik. Gure izarrak kantua idazten nenbilela, esaterako, nire amona hil zen, eta hari zuzendutako abestia egitea erabaki nuen. Oso barrutik irtendako abestia da, eta, egun, kontzertuetan jotzen dugunean, jendeak negar egiten du, besarkatu egiten dute elkar... Momentu oso intimoa eratzea lortzen dugu.

Esperimentazioa eta gauza berriak egitea Bulegoren parte da baita ere. Proiektu horietatik zein gustatu zaizu gehien?

Gehien disfrutatu dudana eta bereziena izan dena Gure izarrak kantuaren aurkezpena da. Niretzat, orain arte egin dugun gauzarik ederrena. Pandemia erdian kaleratu genuen kantua, eta aurkezpen bira bat egin genuen zahar etxeetan. Egoitzetan baldintzak oso gogorrak ziren; guretzat zaila izan bazen itxialdia, haientzat are gehiago, neurri askoz zorrotzagoak zituztelako. Langileak soilik sartu eta irteten ziren, bisitak mugaturik baitzeuden. Musikaren munduan estrategiak zenbakiei begira egiten dira, entzule kopururik handiena lortu ahal izateko. Baina hau justu kontrakoa izan zen. Ikusi genuen argi izpi batzuk behar zituzten pertsonak zeudela. Horregatik, Instagram eta Spotify alde batera utzi, eta taldeko bi kide joan ginen adineko egoitzetan dauden nagusi eta langileentzat kontzertuak ematera. Antolatzeko zailtasunak izan genituen egoera zela eta, baina moldatu ginen distantzia handiak mantenduz eta gitarra eta bozgorailu txiki batekin egiteko. Izugarria izan zen; jendeak bihotz-bihotzez eskertzen zigula nabaritu genuen.

Elkarrizketa osorik irakurtzeko Berria.eus atarian.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide