Elkargunea berriro zabalik dago ohiko ordutegiarekin

Nerea Uranga 2022ko abu. 24a, 12:23

Udako oporraldiaren ostean, astelehenetik berriro zabalik dago Elkargunea, eta bertan eskaintzen dituzten zerbitzuak martxan dira, besteak beste, igerilekua eta gimnasioa. Igerilekua edota gimnasioa erabiltzeko ez da aldez aurretik ordurik hartu beharko.

Abuztuaren 8tik 21era artean itxita egon da Elkargunea, udako oporraldian. Joan den astelehenetik, abuztuaren 22tik, berriro zabalik dago eta bertako zerbitzuak martxa  daude erabiltzaileentzat ohiko ordutegian. Hau da, astelehenetik ostiralera 07:00etatik 21:00etara bitartean dago irekita, larunbatetan 09:00etatik 20:00etara eta igandeetan 09:00etatik 14:00etara.

Joan den astelehenetik, Elkarguneko estalitako igerilekura joateko ez da erreserbarik egin edota aldez aurretik ordurik hartu beharko.

Pandemia garaian izan ziren murrizketen ondorioz jarri zuen Azkoitiko Udalak aurrez hitzordua hartzeko sistema, eta horrekin jarraitu ala ez erabakitzeko galdetegia egin zuen Elkarguneko bazkideen artean. Gehiengoa malgutasunaren alde agertu zenez, udalak sistema bertan behera uztea erabaki zuen.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide