Anaitasunak lagunarteko partida jokatuko du Zarautzen kontra bihar, Txerloian

Nerea Uranga 2022ko abu. 23a, 17:06
Liga hasi aurretik, bost lagunarteko jokatuko ditu Anaitasunako gizonen talde nagusiak. (Argazkia: Anaitasuna FT)

Anaitasunako gizonen talde nagusiak denboraldiaurreko bigarren norgehiagoka jokatuko du, bihar, 19:00etan hasita, Txerloian. Doan izango da sarrera.

Espainiako futboleko Hirugarren Mailako Anaitasunak irailaren bigarren asteburuan hasiko du 2022-2023 denboraldia Pasaian (Gipuzkoa). Sasoi berria sasoiz hasteko denboraldiaurreko prestaketan murgilduta dabiltza Xabi Artetxek zuzentzen dituen mutilak. Artetxerekin batera, gizonen talde nagusiaren talde teknikoa Iosu Osa bigarren entrenatzaileak, Xabi Andreu laguntzaileak, Axel Alkorta atezainen entrenttzaileak eta Aitor Zubizarreta analistak osatzen dute.

Bost neurketa jokatuko dituzte gorritxoek liga hasi aurretik, eta ondo hasi dituzte lanak. Lehen lagunartekoa hilaren 13an jokatu zuten Hernaniren aurka Txerloian, eta 2 eta 0 irabazi zuten. Aste honetan, lagunarteko bi partida izango dituzte Anaitasunakoek, bata etxean eta bestea kanpoan. Bihar, asteazkena, Zarautzen kontra ariko dira gorritxoak Txerloia futbol zelaian. 19:00etan hasiko da partida, eta doan izango da sarrera. Hilaren 27an, zapatuan, Uda futbol taldearen kontra jokatuko dute Aretxabaletan (Gipuzkoa), 12:00etan.

Denboraldiaurreko laugarren neurketan, abuztuaren 31n, Lagun Onaken kontra jokatuko du Anaitasunak Txerloian. Eta irailaren 3an Vitoriaren kontra neurtuko ditu indarrak Eibarko (Gipuzkoa) Unbe futbol zelaian.

Anaitasuna futbol klubak azaldu duenez, harrobiko sei jokalari ari dira lehen taldearekin denboraldiaurrekoa egiten: Ekaitz Albert, Julen Olaizola, Iñaki Pablos, Iker Sarasua, Aritz Sudupe eta Lander Ortiz. Oihan Etxanizek eta Aimar Guenbek denboraldian lehen taldearen dinamika jarraituko dutela iragarri du Azkoitiko futbol klubak.

 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide