28. Azkoitia Hiria xake txapelketa izango da irailaren 4an

Julene Frantzesena 2022ko abu. 20a, 09:05
Gaztetxoen xake txapelketa bateko irudia. (Anaitasuna-Kakute)

Anaitasuna-Kakute taldea infantil mailako xakelariei zuzendutako hitzordu hori prestatzen ari da buru-belarri. Xake jokalari gaztetxoek udazkenerako prestatzeko baliatuko dute lehia hori.

Anaitasuna-Kakute xake taldeak lanean jarraitzen du uda sasoian ere. Izan ere, taldeko zuzendaritza datorren irailaren 4an jokatuko den 28. Azkoitia Hiria xake txapelketa prestatzen dabil buru-belarri. Infantil mailako jokalarientzako hitzordua izango da egun horretan jokatuko dutena, eta horiek udazkenerako prestatzeko baliatuko dute lehia. Gainera, Georgian jokatuko den Munduko Txapelketan parte hartuko duen Oier Sarasketa zumaiarraren kontra jokatu ahal izango dute xakelari gazteek.

Hamar urte lanean

Anaitasuna-Kakute taldeak azaldu duenez, hamar urte daramatza Gipuzkoako xakelarien sustapenerako txapelketak antolatzen eta gaztetxoei xakean irakasten. Horren adibide gisa jarri du taldeak Azkoitia GXF Sustapena izeneko txapelketa jokatu izana. Izan ere, punta-puntan dabiltzan hainbat xakelari gaztetxok eta gaztek parte hartu zuten lehian. Gipuzkoan egindako sustapen lanak xakelari gaztetxoengan emaitza oso positiboak eragin dituela uste du Anaitasuna-Kakutek. Gainera, Azkoitiko taldea gidatzen duten Anibal Fernandezen, Ion Kuenderen, Juan Carlos Valorren eta Manuel Paredesen lana goraipatu du taldeak.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide