Joxe Garmendia: "Ikaslagun egitasmoak lan asko ematen du, eta giharra behar da"

Mailo Oiarzabal 2022ko abu. 7a, 09:22
Joxe Garmendia, Ikaslagun egitasmoaren koordinatzailetakoa. (Mailo Oiarzabal)

Harrera etxeetan bizi diren umeei eta gazteei hezkuntzaren esparruan laguntzeko bi egitasmo martxan jarri dituzte azken urteetan Gipuzkoan, EHUko ikertzaile batzuen ekimenetik abiatuta eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren bultzadarekin. Garmendia da ikertzaile horietako bat. Orain arte egindako bideaz hitz egin du Garmendiak 2022ko uztaileko Uztarria aldizkarian egin dioten elkarrizketan.

Irakaskuntzan bete duen ibilbide luzean esperientzia eta lan desberdin ugari pilatu ditu Joxe Garmendiak (Azkoitia, 1959). Ikasle ibilbidean, berriz, etena egin zuen Batxilergo eta unibertsitate ikasketen artean, eta tailer batean hasi zen lanean. Ikasketei berriro eutsita, Magisteritza ikasi zuen, eta Urrestillako ikastolan estreinatu zuen titulua. Handik Karmelo Etxegaraira, handik Ikasberrira, eta Azpeititik unibertsitatera, azkenean; Donostiara, Hezkuntza Fakultatera, bidean Pedagogia lizentziatura, zenbait master eta tesi bat eginda. Ia hogei urte bete ditu unibertsitateko irakasle lanean, baina ibilian-ibilian, unibertsitatetik eta zeharka bada ere, irakasle hasi zenean izan zituen ikasleen adin bertsuko beste ikasle batzuekin lan egitea egokitu zaio azken urteetan: Ikaslagun egitasmoan parte hartzen duten harrera etxeetako umeekin.

Besteak beste, EHUko Garaian ikerketa taldeko kidea zara. Zer arlo lantzen dituzue talde horretan?

Lanean non eta norekin sartzen zaren inportantea da, hori erakutsi dit nire ibilbideak. Bai ikastolan egon nintzen garaian, bai unibertsitatean, lankide talde onak tokatu zaizkit; eta tokatu diot, askotan ez dituzulako zeuk aukeratzen. Unibertsitatean lan ildo desberdinak izan ditut, eta horien artean garrantzitsuenetakoa da Garaian. PIU deritzon moldeko taldea da Garaian, prestakuntza eta ikerkuntzarako unitatea. Horrek esan nahi du talde ezberdinen multzoa dela, talde kontsolidatua; ikerketara bideratutako talde sendoak izaten dira horiek.

Garaianen barruan zein paraleloan pare bat taldetan aritu izan naiz. Bat, immigrazioa eta hiri hezitzaileak ardatz hartuta. Era berean, Garaianekin hezkuntzarekin lotutako produkzioa ateratzen genuen. Garaianek ekarpen oso garrantzitsua egin du, eta oso harro sentitzen naiz horrekin: Hezkuntzaren Museoa. Talde horrek egindakoa izugarrizko ekarpena da nire ustez, behar adina etekin ateratzen ez bazaio ere. Garaian hezkuntzako kontu pila bat ari da ateratzen. Landagunea zen nire espezialiazioa, ikastolen ibilbidea ere ezagutzen nuen, eta hortik joan nintzen hasieran. Esaterako, garai batean Gipuzkoan ziren eta desagertu edo egitura handiagoetan txertatu eta galdu ziren ikastolen historia jaso nuen. Ikastolen urteurrenen harira argitaratutako liburuetan agertzen dira horiek, baina informazio hori guztia ez dago sarean, eta gaur egun sarean dagoena ikusten dugu eta bizitzen dugu.

Zenbat kidek osatzen duzue Garaian ikerketa taldea?

Hamabi-hamasei lagunek osatu dugu azken aldian Garaian, baina horien artean denetarik dago eta bakoitzak bere interesak ditu. Baina talde batean egotea komeni da. Kredentzialismoa da gaur egun unibertsitatean dagoen pipi handiena. Eta kredentzialismoarekin, sexenioak. Sexenioak sei urteko epeak dira, bai; baina hori baino gehiago sexenioek egiaztatzen dute, nolabait, maila bateko ikertzailea zarela, eta inportantea da horiek edukitzea. Sexenioak baloratzeko, berriz, prestigiodun aldizkarietan lanak argitaratu behar dituzu; eta normalean, prestigiodun aldizkariak atzerrikoak izaten dira, hemengoak gutxi, eta gehienetan ingelesez publikatu behar duzu. Euskaldunok, beraz, badugu hor hutsune bat; euskaraz hitz egiten da, baina errealitatea ez da euskalduna. Bestalde, jubilazio bidean gaude batzuk, Garaian desegin egin da orain, eta talde berria dator.

Harrera etxeetako umeekin eta gazteekin egiten duzuen lana non txertatzen da zuen jardunean? Nondik eta nola sortu zen?

Garaian taldeak bekadunak izaten ditu. Horietako batek, Joana Miguelenak [Garaian taldean kide gisa jarraitu du lanean gerora hark], harrera etxeen gaineko lan bat egin zuen, eta lan horren haritik etorri dira martxan jarri ditugun bi proiektu sozialak: Arrakasta eta Ikaslagun. Joana ohartu zen unibertsitatean bazirela harrera etxeetatik iritsitako ikasleak, baina ikasle horiek arazo pila bat zituztela. Umeak edota gaztetxoak harrera etxeetan badaude, esan nahi du beren familia testuingurua ez dela oso egokia. Bere familia testuingurua ez bada egokia, nola bultzatu neska hori, mutil hori, unibertsitatean jarraitzera? Gogo bizia behar du aurrera egiteko, baina baita lagunduko dion ingurune bat ere. Euskarriak eduki behar ditu, euskarririk ez badauka, zaila da. Horretaz ohartu ginen, taldean proposatu, eta ikasle horiei euskarri batzuk eskura jarri behar genizkiela erabaki genuen. Aldundiarekin harremanetan jarri ginen, eta ikasle horiei beren ibilbide akademikoan laguntzeko euskarriak nola sortu lanean hasi ginen.

(Mailo Oiarzabal)

Zer euskarri dira horiek?

Lehendabiziko euskarria bekaren bat sortzea zen. SM argitaletxearekin hitz egin genuen, eta sortu nahi genituen beka horientzako dirua ipintzeko prest agertu zen SM Fundazioaren bidez, harrera etxeetatik unibertsitatera iritsitako ikasleek beka berriei esker karrerarik ez zezaten ordaindu. Hori izugarrizko laguntza da. Bigarren euskarria edo pausoa garraioa izan zen, eta beste bat materialetarako euskarria, ordenagailu bat edo dena delakoa behar izanez gero. Horrela egin zen Arrakasta. Dozena erdi ikaslerekin abiatu genuen egitasmoa, 2017an. Borrokatu dugu harrera etxeetako ikasleentzat unibertsitateko matrikulak debalde izan daitezen, beste kolektibo kaltebera batzuek alde horretatik duten laguntzarekin parekatzeko, bekaren ordez laguntza zuzen hori izan dezaten, baina ez dugu lortu.

Zenbat ikasle iristen dira harrera etxeetatik unibertsitatera?

Harrera etxeetan edo egoitza baliabideetan bizi direnen %4 besterik ez da iristen unibertsitatean ikastera, egituratutako familietan –nolabait esateko– hazten diren gazteak baino askoz gutxiago. Datu hori eta unibertsitateraino iristen direnek dituzten zailtasunak kontuan hartuta, behetik ere zeozer egin beharra zegoela konturatu ginen, eta horrela sortu zen Ikaslagun, 2018-2019 ikasturtean.

Zer da Ikaslagun?

EHUko ikasle boluntarioen bidez egoitza baliabideetan dauden Lehen Hezkuntzako ikasleei errefortzu akademikoa ematea da Ikaslagunen xedea; hamahiru bat ikasle baditugu DBHkoak, LH 5-6tik gurekin dabiltzalako, eta ezin ditugu askatu horiek. Astean behin joaten dira ikasle boluntarioak dagozkien umeekin beren harrera etxeetan egotera, pare bat orduz. Eskolako laguntza ematen zaie umeei, baina horrez gain, haur horientzat jolaserako lagun eta erreferente ere izaten dira unibertsitateko ikasle boluntarioak. Gure ustez, aberasgarria da hori alderdi bientzat: aberasgarria da umeentzat, lagun erreferente hori aurkitzen dutelako eta hark ikasten laguntzen dielako; eta ona da guretzat, gure ikasleek testuinguru eta errealitate horiek ezagutzen dituztelako, eta inportantea da hori unibertsitateko ikasleen formaziorako. Hizkuntzaren alderditik ere garrantzitsua da; hasieran, Ikaslagunen boluntario gisa parte hartzeko apuntatzen zitzaigun erdaldunen bat edo beste, baina harrera etxeetatik eskatzen ziguten EHUtik joaten ziren ikasleak euskaldunak izatea.

Zenbat ikasleri ematen zaie laguntza Ikaslagun programarekin?

2021-2022 ikasturtean 64 ikaslek parte hartu dute programan. Gehiago ez ditugu hartzen, ez garelako iristen. Bi lagun gabiltza egitasmoa koordinatzen [Garmendia bera eta Miguelena], eta bekadun bat ere badugu orain, laguntzeko. Oso interesgarria da, baina lan asko ematen du eta giharra behar da. Gu boluntario ari gara lan hori egiten, ez dugu hortik kobratzen. Bizkaian ere antzeko zerbait martxan jartzeko interesa dutela iritsi zaigu, baina gu ezin gara joan Bizkaira, ez daukagu-eta denborarik. Bizkaian horrelako zerbait martxan jartzeko, bizkaitarrek egin beharko dute, interesa eta lanerako prest dagoen jendea baldin badituzte.

Zein da zure egitekoa Ikaslagunen?

Ikerketa taldea daukagu gainean, eta behar badugu, badaukagu haren babesa. Baina, oinarrian, bi lagunen artean eramaten dugu dena. Lehendabizi, EHUko ikasle boluntarioak inguratu behar dira, deialdia egin eta hiru fakultatetara zabalduz. Lanerako aurkezten diren ikasleak elkartzen ditugu ondoren; etxe bakoitzean zenbat ikasle eta zer adinetakoak ditugun esaten diegu, eta boluntario bakoitzak esan dezala nora joatea interesatzen zaion. Formazioa ere eskaintzen diegu boluntarioei... Finean, koordinazio eta antolaketa lana da gurea.

Gipuzkoa osoko ikasleak artatzen al dituzue?

Donostiako, Irungo eta Azpeitiko harrera etxeetako ikasleekin ari gara lanean. Guztira, hamalau etxetako ikasleak ditugu egitasmoan. Harrera etxeetako arduradunek esaten digute zenbat ikaslek behar duten Ikaslagunen errefortzua, beraiek ikusten dute beharra zeintzuk duten. Harreman zuzena daukagu Aldundiarekin, haren tutoretzapean daudelako harrera etxeetako ikasle guztiak.

Zein da Ikaslagunen artatzen dituzuen ikasleen profila?

Denetakoak daude, autoktonoak eta autoktonoak ez direnak, baina gehienak autoktonoak dira, bertan jaiotakoak.

Eta zein da egitasmoan parte hartzen duten unibertsitate ikasleen profila?

Denetarik dago. Magisteritza, Gizarte Hezkuntza edo Psikologia ikasten ari direnak izaten dira asko, baina Zuzenbideko ikasleak ere etorri zaizkigu, haurren eskubideez ikasi nahi dutelako eta harrera etxeetako errealitatea ezagutzea nahi dutelako. Izan ere, esan bezala, unibertsitate ikasleei ondo etortzen zaie mundu hori ezagutzea beren formaziorako. Praktikaldi boluntarioa da Ikaslagun unibertsitate ikasleentzat; hiru kreditu ematen dizkiegu parte hartzen dutenei, ikasgai baten notaren balioaren erdia, alegia. Autobuserako txartel bat jasotzen dute, lanera joan behar duten lekura joan daitezen. Hasieran beste bide batetik hasi ginen, baina gero Aldundiarekin hitzarmena egin genuen, eta hitzarmen horri esker txartel horiek ordaintzeko adina diru ematen digu. Oraintxe hasi gara eginkizun batzuetarako dirua ikusten; orain arte, mezenasei edo babesleei eskatu izan diegu laguntza, baita ikasle boluntarioen autobusa ordaintzeko ere.

Pirritx, Porrotx eta Marimototsekin ospatu zuten Ikaslagun egitasmoaren ikasturte amaierako festa. (Nagore Iraola/EHU).

Baina hasieratik aritu zarete Aldundiarekin elkarlanean, ezta?

Bai, elkarlana bai, baina beste kontu bat da dirua guri ematea. "Egin ezazue, baimena duzue. Ikusiko dugu nola egiten den, eta horren arabera, hitzarmenak egingo ditugu"; horrela izaten dira gauzak. Aldundia ez zen etorri gugana, guk muntatu genuen egitasmoa eta gu joan ginen harengana, eta babesa eta proiektua garatzeko baimena eman zizkigun erakundeak. Baina dirulaguntzak ez ditu hola eta hola ematen Aldundiak, ezin ditu eman. Proiektu fantasma bat aurkezten duzu eta dirua eskatu? Egon hadi pixka bat, hi.

Ikaslagunen parte hartu nahi duten unibertsitate ikasle boluntarioak topatzea erraza al da?

Orain arte bai. Hemendik aurrera, ikusi egin behar. COVID-19a dela eta, bi urtetan ikasleek ez dute atzerrira irteteko aukerarik izan, praktikaldiak kanpoan egiteko bide guztiak moztu egin dira. Beraz, hemen gelditu behar izan dira eta hemen pilatu behar izan dituzte kredituak. 150 aurkeztu izan zaizkigu, boluntarioak gainezka izan ditugu. Aurten justu ibili gara, baina lortu ditugu, eta aurrerantzean, ikusi egin behar. Giharra behar dela esaten dudanean horretaz ari naiz, ailegatu gaitezkeen tokiraino ailegatuko gara, ez gehiago.

Ikaslagunek harrera ona izan duela adierazten du laguntzen kontuak. Zein da orain arteko balorazioa?

Aldundia oso gustura dago egitasmoarekin; Bigarren Hezkuntzako ikasleak ere sartzea nahi zuten, baina guk ez dugu ikusten horretarako aukerarik momentuz. Gure ikasleentzat ere aberasgarria da egoitza baliabideak ezagutzea. Beraz, uste dut bi aldeentzat dela mesedegarria Ikaslagun, eta bi aldeen arteko bitartekari lanak egitea dagokigu guri. Harrera etxeetan ere gustura daude egitasmoak umeei egiten dien ekarpenarekin. Hala ere, badago toki batzuetan emaitzez, notez, galdetzeko joera, Ikaslagunen errefortzua jasotzen dutenei eskolan aurrerapena antzematen al zaien jakiteko gogoa. Adarra jotzen ari al gara? Ez daukate ba nahikoa lan ume horiek. Guk laguna ipini diegu ondoan, eta lagun horrekin gustura egotea bera ez al da lorpena? Umea lagunarekin gustura badago, nota etorriko da.

Eta zer moduzko bilakaera ari da izaten Arrakasta?

Arrakasta bai zabaldu dela Bizkaira eta Arabara, eta Espainiako Estatuko beste erkidego batzuetara ere ari da hedatzen. Hiru aldundientzat erraza zen eredu hori ezartzea: unibertsitatera iristean, harrera etxeetatik datorren jendeari babesa ipintzea eta diru kopuru bat eskaintzea da. Gainera, normalean, harrera etxeetatik unibertsitatera ailegatzen den jendea saiatua izaten da, ikastea nahi duena. Horiek laguntzea erraza da. Arazoa behean daukagu.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide