Azkoitira iritsi da euskal selekzioaren aldeko mendi martxa

Maialen Etxaniz 2022ko abu. 4a, 21:15

Martxan parte hartzen ari diren kideak gaur arratsaldean iritsi dira Azkoitira, eta udalak harrera egin die plazan. Hain zuzen, Sonia Vazquez Kultura zinegotzia elkartu da egitasmoaren sustatzaileekin, eta solasean aritu ostean, mendi martxako kideek oroigarria eman diote Vazquezi. Martxaren helburua da kirol arlo guztietan Euskal Herriko selekzioen ofizialtasuna aldarrikatzea eta nazioarteko txapelketa ofizialetan parte hartzeko duen eskubidea defendatzea.

Uztailaren 30az geroztik, Euskal Herriko hainbat herri zeharkatzen ari da euskal selekzioaren aldeko 20. mendi martxa, eta bertan parte hartzen ari diren kideak gaur arratsaldean iritsi dira Azkoitira. 19:30ak pasata iritsi dira herrira, eta Azkoitiko Udaleko Sonia Vazquez Kultura zinegotziak harrera egin die herriko plazan. Zinegotziak ez ezik mendi martxaren sustatzaile eta parte-hartzaileek hartu dute hitza, ekimenaren eta aldarriaren inguruan hitz egiteko. Ondoren, argazkia atera dute denek elkarrekin, martxaren aldarria zeraman pankarta eskuetan hartuta. 20 urte Mendi Martxan, Gu ere bai! Euskal Selekzioa Ofizialtasuna! leloa da aurtengo mendi martxarako aukeratu dutena. Gainera, martxan parte hartzen ari diren lagunek oroigarria eman diote Kultura zinegotziari, eskertza gisa. Martxaren helburua da kirol arlo guztietan Euskal Herriko selekzioen ofizialtasuna aldarrikatzea eta nazioarteko txapelketa ofizialetan parte hartzeko duen eskubidea defendatzea.

Hamarnaka lagun ari dira parte hartzen mendi martxan, eta horiek Kontzejupean afalduko dute, ondoren Xabier Munibe Ikastolan gaua igarotzeko. Bihar jarraituko dute ibilbidearekin, eta goizean Azpeiti aldera hartuko dute.

Ekimena hainbat etapatan banatu dute, eta gaur Bergara eta Azkoitia lotu dituzte. Bihar Azkoitia eta Zestoa arteko bidea egingo dute. Abuztuaren 6an, larunbatez, bukatuko da martxa Getarian (Gipuzkoa), Ajangizetik (Bizkaia) abiatu eta zortzi egunera. Euskal Selekzioaren aldeko lehen mendi martxa 2000. urtean egin zuten Esait-en babespean, baina zazpi urte dira Esait desagertu zela, eta Gu Ere Bai egitasmoa arduratu da azken edizioen antolaketaz. 

(Argazkiak: Azkoitiko Udala)

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide