Klik!

Berdinean desberdin

Andoni Elduaien 2022ko abu. 26a, 09:00

Eskua emanda, elkarrekin batera munduratutako herritar asko daude Azkoitian. Kasu bitxi bat baino gehiago aurkitu ditu Maxixatzenek erreportaje hau osatzerakoan; izan ere, esaterako, bikiak eta hirukiak dira Alkorta-Elduaien familian, eta bi biki alditakoak dira Subinas-Astigarraga familiako seme-alabak.

Alkorta-Elduaien familia

Berezia da Alkorta-Elduaien familia; izan ere, bost anaiarreba dira, eta horietako bi bikiak dira eta hirukiak besteak. 1977ko azaroaren 17an jaio ziren Xabier eta Andoni bikiak, eta 1981eko urtarrilaren 18an, Borja, Dorleta eta Olatz hirukiak. Amak esanda dakite, bost umeek etxean bat egin zutenean, "sekulako giroa" izaten zutela, eta "xextrak-eta" ez zitzaizkiela falta izaten. Gainera, bikiek gogoan dute gurasoei lagundu zietela hirukiak hazten, "biberoia emateko-eta" guztien eskuak beharrezkoak baitzituzten.

Iker eta Eneko Sarasua

2003ko martxoaren 8an jaio ziren bi anaiak. Ingurukoek erraz bereizten dituzte, baina aitortu dute batzuek lanak izaten dituztela bakoitzari dagokion izena asmatzen. Haurra zenean, bekainean zuen pikorta bategatik desberdintzen zuten Eneko Ikerrengatik; orain, belarritakoa darama hark. Bi anaiek zaletasun berberak dituzte; izan ere, biak aritu izan dira dantzan, nahiz eta egun Enekok bakarrik jarraitzen duen. Futbol zaletasuna elkarrekin uztartzen jarraitzen dute Anaitasuna futbol taldean.

Iker eta Ines Romero

2009ko azaroaren 27an jaio ziren Iker eta Ines Romero. Ikerrek futbolean jokatzea du gustuko. Ines, berriz, ez da oso kirol zalea; hark nahiago du bere denbora librea lagunekin igarotzea.

Ruben eta Luis Lizarralde

1970ko otsailaren 26an jaio ziren Ruben eta Luis Lizarralde. Ruben anaiak dioenez, Luisen atzetik ibili behar izaten zuen haurtzaroan, bazter guztietan "abenturetan" aritzen baitzen hura. Bi anaiek bat egiten duten zaletasun bakarra musika da; gainera, musikarako oso belarri fina du Luisek. Telebista saioetan parte hartzen duten abeslariak berehala epaitzen ditu hark. Osterantzean, futbola eta esku pilota asko gustatzen zaizkio Luisi, aldiz, Rubeni ez asko.

Laida eta Karla Beristain

Laida eta Karla Beristain 1992ko maiatzaren 29an jaio ziren. Umeak zirenean, denbora asko igarotzen zuten elkarrekin, eta bi ahizpek diotenez "txakurra eta katua" bezala ibiltzen ziren. Halere, kuadrilla berean hazi dira, eta ikasketak ere unibertsitate berean egin zituzten. Lehen, biek elkarrekin ibiltzea gustuko ez bazuten ere, orain bide beretik doaz ahizpak, ia beti elkarrekin egiten baitituzte planak. Iaz, gainera, ama izan ziren biak; urte bereko bereko seme-alabak dituzte, beraz.

Subinas-Astigarraga familia

Lau anai-arreba dira Subinas- Astigarraga familian, eta horien kasua ere berezia da; izan ere, bi biki alditakoak dira. 1998ko maiatzaren 1ean jaio ziren Ania eta Joanes, eta 2002ko uztailaren 9an Sunahi eta Inhar. Diotenez, ez dute elkarren artean antz handirik, baina harreman estua izan dute betidanik. Aitortzen dute, ordea, lotura are estuagoa duela bakoitzak bere bikiarekin. Ania eta Joanes banaezinak ziren txikitan, baina urteen poderioz "bakoitzak bere bidea" hartu du. Aldiz, Sunahik eta Inharrek oraindik ere oso lotuta jarraitzen dute. Hala eta guztiz ere, "sekulako harremana" dute lau anai-arrebek.

Anparo eta Urrategi Balentziaga

1973ko abenduaren 13an jaio ziren Anparo eta Urrategi Balentziaga. Kirola dute gustuko bi ahizpek, bereziki mendian ibiltzea. Lasaitasuna aurkitu nahi izaten dute mendira joanda. Nahiz eta egun duten ile koloreagatik elkar bereiztea errazagoa den, bi ahizpek nabarmendu dute itxura batera "oso berdinak" izan direla.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide