Biziraupena aurkian, digitalizazioa ifrentzuan

Anartz Izagirre 2022ko ira. 1a, 09:00

Berandu baino lehen, Ticket Bai sistema ezarrita izan beharko dute zergadunek. Zeresana eman du sistema horrek hainbat sektoretan, eta askotariko eskaerak egin dizkiete Aldundiari sistema atzeratzeko zein bertan behera uzteko eskatuz; beste batzuk jada normaltasunez ari dira sistema erabiltzen.

Sistemaren izenburuak baietz dio, baina sistema hori ezarri behar duten hainbat sektoretako zenbait zergadunek ez dute iritzi bera. Iskanbila eragin du Ticket Bai sistemak lurraldean zein lurraldetik kanpo; hainbat izan dira sistema hori ezeztatzeko, atzeratzeko edo birmoldatzeko eskaerak egin dituzten elkarteak eta erakundeak, eta zergadunen artean era guztietako iritziak sortu ditu Eusko Jaurlaritzak nahiz Arabako, Bizkaiko zein Gipuzkoako foru aldundiek elkarlanean ezarri nahi duten sistemak. Azkenean, hainbat data aldaketaren ostean, behin betiko epeak ezarri dituztela dirudi; sistema ezartzeko borondatezko epean daude hainbat sektoretako zergadunak, baina beste batzuentzat iristear da derrigorrezko epea.

Jarduera ekonomiko bat egiten duten pertsona fisiko eta juridiko guztiei eragiten die Ticket Bai sistemak, baina praktikan, norbanako zein elkarte guztiei ez die modu berean eragin, eta horrenbestez, horien guztien ikuspuntua eta kezkak ere ez dira berberak. Merkataritzarena da, esaterako, Ticket Bai sistemak zuzenean eragin dion sektoreetako bat, eta Dendartean Gipuzkoako merkatarien, ostalarien, zerbitzu enpresen eta autonomoen elkarteak kezkaz bizi ditu derrigorrezko epea heldu aurreko hilabeteak. Merkatari txikientzako azaroaren 1ean helduko da epe hori, eta horietako batzuek sistema dagoeneko borondatezko epean ezarri badute ere, "gehiengo nabarmen bat prestatu gabe" dagoela azaldu du Xabier Aldalur Dendarteaneko teknikariak: "Mobilizazioak izan dira sistema horren aurka, eta oraindik ere esperantza txiki bat mantentzen zen Ticket Bai indarrean ez sartzeko. Askok bukaerara arte utzi dute".

Dendartean hainbatetan bildu da Aldundiko ordezkariekin, sistemaren inguruko eraginak eta kezkak helarazteko, eta oraintsu "proposamen zehatzak" egin dizkietela nabarmendu du Aldalurrek, "merkataritza txikiaren suntsipena" geldiarazteko. Hiru puntutan laburbiltzen dituzte beren eskaerak: 60 urtetik gorakoak salbuetsita izatea, hiru langile edo gutxiago baldin badituzte; bederatzi langile baino gutxiago dituzten enpresei borondatezko epea Bizkaian ezarri duten epera luzatzea –hau da, 2024ra luzatzea–, eta Ticket Bai arautzen duen 32/2020 Foru Dekretuaren 6. artikuluan agertzen den moduan, enpresen eguneroko jardueran sistema horrek "perturbazioren bat eragiten badu" salbuespena eskatu ahal izatea, hiru langiletik behera dituztenentzat. Era berean, Ticket Bairen inguruko "banakako formazioa eta tutorizazioa" falta direla azaldu du teknikariak.

Ticket Bai, orain ez

Sistemaren ezarpen egutegia da, besteak beste, Dendarteaneko kideengan mesfidantza eta ardura eragiten dituen kontuetako bat. Iruditzen zaigu Ticket Bai ezin dela ezarri Aldundiak planteatzen duen epeetan eta formetan. Aldaketa batzuk egin behar dira, sistemak ez dezan dendari txikiengan halako suntsipenik ekarri". Ildo horretatik, sistema orain ezartzeak "denden itxiera handia" ekar dezakeela uste du Aldalurrek, batez ere, jubilatzear dagoen jendearen dendak: "Posible da bizpahiru urtetan denda ixtea aurreikusita zuenak data hori aurreratzea. Azkenean, errentagarriak diren dendak eta denborarekin errelebo aldaketa izan zezaketenak itxi egingo dira, eta behin horiek itxita, oso zaila da berreskuratzea". Dendarteaneko teknikariak jakinarazi du "behin baino gehiagotan" azaldu dietela Aldundiari Ticket Bai ezarri, ezar daitekeela, baina "beste modu batean".

Ticket Bairen kezka iturri da, halaber, digitalizazioaren afera. Sistema hori ezartzearen helburuak, besteak beste, iruzur fiskalari aurre egitea eta digitalizazioa dira. Aldalurrek dio "erabat garrantzitsua" dela beraientzat saltokien digitalizazioa, baina ez direla "moduak" hori ezartzeko. "Iruditzen zaigu badaudela beste modu batzuk digitalizaziorako pausoa emateko, prozesua dendari txikien erritmoetara egokituta, ez behartuta". Softwarea ezarri beharrak ere arduratzen ditu hainbat: "Denda bakoitzak bere ezaugarriak ditu, eta Ticket Bairi erantzuna emateko aukera desberdinak daude. Elikadura sektorekoek, adibidez, sistema hori izango duen balantza behar dute, eta beharbada, balantza horietako bakoitzagatik 3.000 euro gastatu beharko dituzte". Beste batzuentzat, berriz, nahikoa izango da lehendik duten ordenagailuan softwarea berritzea. Kontuak kontu, software hori berritzeak ere gastua duela aitatu du Aldalurrek, eta gastu erantsi horrek arduratzen dituela hainbat dendari.

Urgentziarik ere ez

Ticket Baik eragindako kezka, oro har, sektore osora zabalduta dagoela azaldu du Aldalurrek, eta leku guztietan daudela "era bateko eta besteko" iritziak. Urola bailaran, halere, oro har kontrako jarrera nagusitu dela dio. Hainbat izan dira ezarpen horren aurka egin diren mobilizazioak, eta horien "balorazio positiboa" egin du teknikariak; kontrara, Aldundiarengandik jaso duten erantzuna "momentuz negatiboa" izan dela nabarmendu du.

Ez da ahaztu behar, bestalde, azken bi urteak itogarriak izan direla merkatarientzat, izurriak ez dielako utzi beren jarduera behar bezala garatzen. Merkataritzan krisia "pandemia baino lehenagotik" datorrela gehitu du teknikariak, eta jendearen erosketa ohiturak aldatzearekin batera aldatu egin dela merkatari txikien egoera ere. "Erosketak online egiteko aukera sortu denean, mundu mailako plataformek horra egokitzeko aukera gehiago dituzte, eta sareko erosketen merkataritza nitxo hori beren egin dute. Dendari txikiei gehiago ari zaie kostatzen egokitzea. Era berean, Ukrainako gerrak eta inflazioak ere salmentetan eragina izan dutela azaldu du Aldalurrek. Dendarteanen argi dute ez dagoela "urgentziarik" Ticket Bai orain ezartzeko: "Dendarien artean ez dago Ticket Bai ezarri beharra justifikatzen duen iruzur fiskalik".

Landetxeetan ere, eragina

"Esfortzua da". Halaxe laburbildu du Nekatur nekazalturismoen elkarteko Idoia Ezkurdia gerenteak Ticket Bai. Uda garaia heltzearekin batera goi denboraldian sartu dira landetxeak eta bestelako etxebizitza turistikoak, eta hilabete gutxi gelditzen zaizkie horiei ere sistema behin-betiko ezartzeko – merkatari txikien epe bera dute–. Beraiek sortutako kudeaketa programa zuen Nekaturrek lehendik fakturak egiteko, eta softwarea sistema berrira egokitu behar izan dute orain. Ildo horretatik, hainbat jardunaldi egin dituzte elkarteko kide direnei zein ez direnei sistema berriaren gaineko informazioa emateko, eta esfortzuak esfortzu, probatu dutenak "gustura" daudela azaldu du Ezkurdiak: "Kontuan hartu behar da Ticket Bai sistema probatu dutenak abilezia handiena duten pertsonak direla, eta alde horretatik ez dutela horrenbesteko aldea igarri".

Idoia Ezkurdia, Nekaturreko gerentea.

Euskadiko Landa Ostatuen barruan hiru foru aldundi nahiz ogasun daude, eta beraz, konplikatua izan da Nekaturrentzat hori kudeatzea, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ezarpen datak desberdinak direla aintzat hartuta –Gipuzkoan azaroaren 1ean ezarriko da, Araban abenduaren 1ean eta Bizkaian 2024ko urtarrilean–. Ezkurdiak, Aldalurren moduan, egutegia jarri du jomugan: "Batek baino gehiagok lan egiteko zituzten orain arteko ohiturak aldatzea eragingo du sistema honek, eta pasatu ditugun bi urte konplikaturen ondoren, oso segidan etorri da ezarpena. Ez dugu arnasa hartzeko denbora gehiegi izan".

Idoia Ezkurdia: "Denbora pixka bat gehiago eskatzen duen aldaketa potoloa da"

Xabier Aldalur, Dendarteaneko teknikaria.

Salbuetsita dagoen kolektiboari dagokionez, "berri ona" dela aipatu du Ezkurdiak, eta hiru foru aldundiei hasieratik eskatu dieten eskaera izan dela ere gaineratu du. "Badauzkagu Internet konexioa ere ez duten kide batzuk Nekaturren barruan, eta zentzu horretan, Ticket Bai sistemarekin lan egiteak zailtasunak eragin dizkie hainbat eta hainbat pertsonari". Ildo horretatik, Nekaturreko gerenteak gehitu du salbuespen horiek gabe hainbatek lehenago etengo zuketela lan jarduera: "Jaberen bat edo beste, salbuespen hori egiten ez bazen, lehenago jubilatzea eta landa ostatua ixtea pentsatzen ari zen. Salbuespen horrek lasaitasuna eman die horiei".

Xabier Aldalur: "Iruditzen zaigu Ticket Bai ezin dela ezarri aldundiak nahi duen epeetan"

Kontuak kontu, Ticket Bai sistemak alderdi positiboak ere izan ditzakeela nabarmendu du Ezkurdiak, gehienbat, digitalizazioari lotuta. "Digitalizazioan lagunduko duen sistema izango da, eta orain arte Nekaturren kudeatze sistema erabiltzen ez zutenek, gaur egun erabiltzeko aukera izango dute. Hala eta guztiz ere, sistema horretarako egokitzapen prozesuan "denbora" eskatu du Ezkurdiak: "Denbora pixka bat gehiago eskatzen duen aldaketa potoloa da".

Ticket Bai

Zer da Ticket Bai sistema?

Ticket Bai Araba, Bizkai eta Gipuzkoako foru aldundien eta Eusko Jaurlaritzaren proiektu bateratua da. Horren bitartez, zergadunen fakturaziorako softwareetan legezko zenbait betebehar eta teknika ezartzen dira, Ogasunak aukera izan dezan aipatutako pertsonen ekonomia jardueren ondoriozko diru-sarrerak kontrolatzeko, bereziki, azken kontsumitzaileei ondasunak entregatu edo zerbitzuak ematen dizkieten sektoreen barnean kokatutako jarduerak, neurri handi batean eskudirutan kobratzen baitira.

Zeintzuk dira Ticket Bai ezartzeko salbuetsita dauden kolektiboak?

Araudian kontsulta daiteke Ticket Bai ezartzeko salbuetsita daudenek zer baldintza bete behar dituzten, baina horien artean salbuespen ezagunena da 60 urtetik gorako autonomoena; horiek ez daude behartuta Ticket Bai ezartzera, baldin eta beste baldintza guztiak betetzen badituzte.

Zein da Ticket Bai ezartzearen helburua?

Ticket Bai proiektuaren helburua da zergadunek egindako ondasunen entregak eta zerbitzu emateak dokumentatzeko erregistroen osotasun, kontserbazio, trazabilitate eta bortxaezintasuna bermatzea, hala fakturena nola eragiketak justifikatzeko beste edozein dokumenturena, euskarri elektronikoan edo paper euskarrian. Horrekin batera, proiektuak hiru aurrerapen esanguratsu ekarriko ditu: digitalizazioa, izapide burokratikoak egitea erraztea eta iruzurraren aurkako borrokan aurrerapausoak.

Noiz ezarri behar dute Ticket Bai Gipuzkoako zergadunek?

Honakoa da egutegia:

  • 2022ko uztailaren 1a. Zerga kudeaketako profesionalak.
  • 2022ko irailaren 1a. Jarduera profesionalak.
  • 2022ko azaroaren 1a. Txikizkako merkataritza, ostalaritza, ostatuak eta gainerako profesionalak.
  • 2023ko apirilaren 1a. Eraikuntza eta higiezinen promozioa, garraioa, eta aisialdi zerbitzuak, kulturalak eta pertsonalekin erlazionatutako zerbitzuak.
  • 2023ko ekainaren 1a. Fabrikazioa, handizkako merkataritza, telekomunikazioa, finantzak eta artistak.

Zer onura jasoko dituzte Ticket Bai borondatezko epean ezartzen dutenek?

Alde batetik, laguntzei dagokienez, kenkari indartsua jasotzeko aukera ematen da: egin den gastuaren %60ko kenkaria, hain zuzen ere. Gainera, likidezia momentuan jaso ahal izango da, Kenkariback ereduaren bitartez.

Eta nola eragingo dio sistema horren ezarpenak bezeroei?

Bezeroek negozioak zerga betebeharrak betetzen dituela egiaztatzeko aukera izango dute, igorritako fakturen osotasuna eta identifikazioa bermatuz.

Zer aukera eskaintzen ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak sistema hori ezartzeko?

Gipuzkoako Foru Ogasunak FakturaBAI izeneko doako aplikazio bat ipintzen du zergadunen eskura. Hura erabiliz, Ticket Bai betekizun guztiak betetzen dituzten fakturak sortu ahalko dituzte, inolako mugarik gabe, eta zergadun espektro zabal bati estaldura emango zaio. FakturaBAI aplikazioaren gaineko informazioa Ogasunaren webgunean aurki daiteke.

Non aurki dezakete zergadunek eta bezeroek informazio gehiago?

Alde batetik, Ogasunaren webgunean, Ticket Bairen atalean; bestetik, edozein zalantza argitzeko 943-11 30 00 telefonora dei daiteke, eta edozein kontsulta egin daiteke Ticket Bairi buruz ticketbaikontsultak@gipuzkoa.eus helbidean. Horrez gain, aurrez aurreko arreta dago, telefonoz edota webgunean hitzordua eskatuz. Azkoitiaren kasuan, Azpeitiko bulegoa da gertuen dagoena.

Antonio Garate.

Antonio Garate: "Derrigorrezkoa izan arte ez dut probatzeko asmorik"

Landagarre landetxea kudeatzen du Antonio Garatek (Azkoitia, 1956), eta Ticket Bai aktibatuta baldin badu ere, oraindik ez da erabiltzen hasi.

"Alferrik esango dugu nahi dugun ala ez, dagoeneko ezarrita dago eta. Ezetz badiozu, eta ondoren, Ogasuna galdezka hasten bazaizu, zer azalpen eman behar diozu? Ez dago alternatibarik. Bestalde, gaizki ikusten dudana da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ezarpena data desberdinetan egitea. Zergatik Bizkaian 2024an, eta Gipuzkoan orain? Guk akatsak egindakoan besteek hortik ikasteko?

Oraindik ez diot altarik eman Ticket Bairi, baina dagoeneko ezarrita daukat; derrigorrezkoa izan arte ez dut probatzeko asmorik. Softwarea alokairuan hartzea erabaki nuen; modu horretan, beraiek eguneratu beharko dute sistema nik erabil dezadan. Digitalizazioaren kontua ondo ikusten dut, eta neuk ere ahal dudan heinean dena digitalizatuta daukat, baina horretarako ere dirua gastatu behar da.

Ezarri duten 60 urtetik gorakoentzako salbuespenak ere tranpa dauka, tarte horretan langilerik ezin baituzu kontratatu. Langilerik ez baduzu salbuetsita zaude, bai, baina zer egin behar duzu gaixorik jartzen bazara eta ezin baduzu lanik egin? Horrek esan nahi du enpresa ixtera doazenentzat bakarrik balio duela neurri horrek; hori badaki Ogasunak, eta ez zaio axola.

Hori guztia gu kontrolpean izateko dela iruditzen zait, baina gu kontrolatzea bestela ere ez da zaila, ia dena txartelarekin ordaintzen baitute bezeroek. Niri beldurra ematen dit sistema honen ezarpenak, sekulako lana eskatzen baitu, eta horrek esan nahi du gestorian gehiago gastatu beharko dugula; langile batek lehen hiru ordu behar bazituen lanerako, orain pare bat ordu gehiago sartu beharko ditu.

Kontua da dirua behar dutela erakundeek, eta handiei ezin dietela kendu, haiek agintzen dute eta. Dirua nonbaitetik atera behar dute, baina beti enpresa txikietatik? Handiek barra librea dute".

"Lanean urte asko daramatzaten langileentzat Ticket Bai sekulako aldaketa da"

Balentziaga landetxea.

Itsaso Odriozola: "Amak landetxea kudeatzeari uzten dionean, nik nahitaez jarri beharko dut Ticket Bai"

Balentziaga landetxeko jabea adinagatik salbuetsita dago Ticket Bai ezartzera, baina bere alaba Itsaso Odriozolak (Azkoitia, 1999) erreleboa hartu beharko balu, derrigor ezarri beharko luke sistema.

"Ez gara hasi Ticket Bai erabiltzen; izan ere, nire amaren izenean dago landetxea, eta hark 60 urtetik gora dituenez, salbuetsita dago. Nik laguntzen diot gauza batzuetan, baina ez naiz bertako langilea. Sistemaren inguruan gustatzen ez zaidana da derrigortu egin gaituztela ezartzera, eta amak landetxea kudeatzeari uzten dionean, nik nahitaez jarri beharko dut Ticket Bai.

Dena den, gu Nekaturren barruan gaude, eta haiek laguntza handia eskaini dute bidea errazago egiteko. Gainera, Nekaturrek berak Ticket Bai sistema bat garatu du horretarako. Itxierei dagokienez, ez dakit sistemaren ezarpenak eragin handia eduki al dezakeen landetxeetako jabeen erabakietan, beharbada ixteko asmo hori oso aurreratuta duen jendearengan bai. Baina izan daiteke landetxe batzuen itxiera bultzatzeko beste faktore bat.

Guk egunean zehar ez dugu fakturazio handirik izaten, bost gela soilik baititugu, eta fakturak egiten pasatzen dugun denbora ez litzateke askoz gehiago izango Ticket Bairekin ere".

"Gauzak dauden bezala, jende askori kostatu egingo zaio negozioarekin aurrera segitzea"

Ieltxu Caballero eta Oihane Arozena.

Oihane Arozena eta Ieltxu Caballero: "Beldurra ematen digu sistema denok ezarri behar dugun unean zer gertatuko den pentsatzeak"

Duela urtebete ireki zuten Oihane Arozenak (Azkoitia, 1993) eta Ieltxu Caballerok (Azpeitia, 1995) Karpos frutategia. Negozioa hartu orduko ezarri zuten haiek Ticket Bai sistema, eta martxan dute dagoeneko.

"Ofizialki joan zen irailean jarri genuen Ticket Bai sistema. Duela urtebete ireki genuen Karpos frutategia, eta baskula berria jarri behar genuenez, tontakeria bat iruditu zitzaigun Ticket Bairik gabekoa ezartzea, hala egin ezean orain berriro ere aldatu beharko baikenukeen. Gainera, Ukabi enpresak Ticket Bairekin jarritako lehen baskula izan zen gurea.

Foru Aldundiaren aldetik ikusten ditugu akats gehien; oraindik gutxi gara Ticket Bai sistema ezarrita dugunok, eta askotan huts egiten du sistemak. Beldurra ematen digu sistema denok ezarri behar dugun unean zer gertatuko den pentsatzeak. Iruditzen zaigu aldundia ez dagoela prestatuta; guk, badaezpada ere, baskula zaharra gordeta daukagu larrialdietarako. Ikusten dugun alde positibo bakarrenetakoa da orain saltzen dugunaren kontrol handiagoa izango dugula.

Salbuetsita dauden kolektiboena, bestalde, lotsagarria da. Adinagatik, 60 urtetik gorakoak bakarrik daude salbuetsita. Saltzaile batzuekin hitz egiten aritu gara, eta esan digute sistema ezarri behar dutelako ez dutela negozioarekin jarraitzeko asmorik. Urte asko daramatzaten langileentzat sekulako aldaketa da. Gainera, arte eta urre salerosketakoak ere salbuetsita daude, diru beltz gehien kudeatzen duten sektoreak, hain zuzen ere. Saltzaile txikiok ez dugu ezer handirik ezkutatzeko, eta kontrola gehiegizkoa da. Enpresa handiak, zergak kanpoan ordaintzen dituztenak, horiek dira gehiago kontrolatu behar direnak, baina beti merkatari txikiak jartzen gaituzte jomugan.

Gainera, salmentak asko jaitsi dira izurriaren garaitik, eta saltoki bakoitzaren arabera inbertsio txikiagoa edo handiagoa egin behar duzu. Gurea bezalako frutategietan, adibidez, inbertsio handia egin behar da baskulek Ticket Bai izan dezaten, eta gastua handia da. Gauzak dauden bezala egonda, askori kostatu egingo zaio negozioarekin aurrera jarraitzea".

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide