Egoitzetako lan hitzarmen berria "onartezina" dela dio ELAk

Zumaian egindako protesta baten irudia, 2021eko udazkenean. (Juan Luis Romatet)

Gutxiengoan sinatuko dute lan akordioa aldundiak, UGTk eta ADEGI, LARES eta GAREN patronalek. Egoitzen arteko arrakala izango dela salatu du ELA sindikatuak.

Zaharren egoitzetako lan hitzarmen berria gutxiengoan sinatuko dutela iragarri zuten pasa den astean UGT sindikatuak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta ADEGI, LARES eta GAREN patronalek. Erabaki horren aurrean kezka adierazi du ELA sindikatuak, bere esanetan, langileen gehiengo handi bat –%93a– kanpoan utzi dutelako. Beraz, ez dirudi lurraldeko egoitzetako giro nahasia baretuko denik.

Aldundiak, patronalek eta UGTk hartutako erabakia "antidemokratikoa" eta "onartezina" dela azaldu du Janire Diaz Jauregik, ELA sindikatuko ongizate gaietako Urola Kostako delegatuak. "Testua atzo [astearteagatik] jaso genuen eta sakon aztertu behar dugu. Baina, hasiera batean zentzugabekeria bat iruditzen zaigu. Erabat antidemokratikoa da bai sektorearentzat, baita langile beraientzako ere", azpimarratu du. "Baldintzak hobetu beharrean okertu egingo ditu. Sektorea pandemiaren ondoren guztiz lur jota dago; gero eta lan karga handiagoa dago, gero eta jende gehiago behar da, eta hemen ez da ezer egiten", gaineratu du.

Egoitzetako lan hitzarmen berria negoziatzeko prozesuari 2017ko urte hasieran ekin zioten eta ordutik, Diaz Jauregiren esanetan, 262 greba egun egin dituzte zaharren etxeetako langileek. "Pandemiaren ondoren berreskuratu ziren negoziazioak eta gure sorpresarako uztailaren 15ean deitutako greba egunaren bezperan bilera batera deitu gintuzten. Zerbait egon zitekeela eta positibotzat jo genuen. Patronalak proposamen bat aurkeztu zigun, eta ez genuen ontzat jo; lan baldintzak hobetzeko esfortzu bat eskatzen zen –KPIaren erreferentzia izatea soldaten igoeran, besteak beste–, eta aurkeztutako proposamena horren azpitik zihoan". 

Beraien sorpresarako, negoziazio mailan %7ko ordezkaritza duen UGTk lan hitzarmen berria sinatzeko borondatea erakutsi zuen. "Guretzako oso larria da sindikatu batek halako jarrera antisindikala erakustea", salatu du ELAko delegatuak, gogoratuz bere sindikatuak %60ko ordezkaritza duela negoziazio mahai honetan. "Hau guztia Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesarekin egin da. Aldundiak enpresa pribatuak azpikontratatzen ditu zerbitzu hauek kudeatzeko; badakit zer sinatu den, eta bultzatu, babestu eta positibotzat jo du", gaineratu du Diaz Jauregik. Lan hitzarmen honen inguruko berria uda sasoian ematea ere kasualitatea ez dela azaldu du sindikatuko kideak.

Arrakala

Gutxiengoan sinatuko duten hitzarmen honek lurraldeko, baita eskualdeko, zaharren egoitzetan zer eragin izango duen ez du aurreratu nahi izan, baina bere esanetan hitzarmen berriak juridikoki hutsarte asko ditu. "Berez, aplikagarria izango da patronal horietan ordezkatuta dauden enpresentzat eta hitzarmen horretara batuko diren langileentzat. Baina agian ez da aplikatuko patronal horietako kide ez diren enpresek kudeatutako egoitzetan, eta horrek sekulako arrakala suposatuko da zaharren etxe  batetik bestera. Langileek hobekuntzarik ez dituzte izango, hobekuntzarik bada, behintzat". 

Delegatuak adierazi duenez, gerta daiteke lan hitzarmen berria aplikatzen ez den egoitza batzuetan oraindik ere 2016ko soldata taulen araberako lansariak izatea. "Urola Kosta eskualdean egoitza eta eguneko zentro mordoa dago, eta bakoitzak bere ezaugarriak ditu. Hemen arazoak izango badira, pentsa Gipuzkoa osora eramanda", iragarri du. 

Diaz Jauregiren esanetan, irailean aztertuko dute sakonki dokumentua, eta orduan erabakiko du ELA sindikatuak zer pauso emango dituen.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide