Maxixatzenen zozketak

Zozkatu ditu Maxixatzenek Nemanja Radulovicen eta Kanarietako Orkestra Gaztearen kontzerturako sarrerak

Erredakzioa 2022ko uzt. 21a, 14:32
Nemanja Radulovic biolinista serbiarra. (N. Radulovic)

Bihar, ostirala, 19:30ean hasiko da biolinistaren eta orkestraren kontzertua Baztartxo antzokian, eta udalak emandako bi sarrera bikoitz zozkatu ditu Maxixatzenek bazkideen artean.

Nemanja Radulovic biolinistak eta Kanarietako Orkestra Gazteak kontzertua eskainiko du bihar, ostirala, Baztartxo antzokian, 19:30ean hasita. Maxixatzenek Azkoitiko Udalak emandako bi sarrera bikoitz zozkatu ditu zozketan parte hartu duten bazkideen artean. Parte hartu dutenen artean zozketa egin ondoren, Arantza Alkorta eta Amaia Aranbarri bazkideek irabazi dituzte kontzerturako bina sarrera.

Radulovic biolinista serbiarrak Piotr Illich Tchaikovski konpositoreak 1878an idatzitako Biolinerako Kontzertua interpretatuko du, biolinarentzako dagoen "obrarik zailenetarikoa". Serbiarrak Echo Klassik saria jaso zuen 2015ean, eta ezaguna da bere "birtuosismoagatik, sakontasunagatik eta espresioagatik". Warner Classicsen artista esklusiboa da hura 2021. urteaz geroztik. Mundu mailako orkestra handienekin jo du Radulovicek, besteak beste, Berlingo Deutsches Symphonie-Orchesterrekin, Montrealko Orkestra Sinfonikoarekin edota Tokioko Symphony Orchestrarekin.

Serbiarrak Kanarietako Gazte Orkestra izango du bidelagun. Euskal Herriko Gazte Orkestrak 25. urteurrena bete du aurten, eta horren harira, Kanarietako taldea gonbidatu dute Euskal Herrira. Donostiako Musika Hamabostaldian parte hartuko du orkestrak hilaren 21etik 27ra, baina han aritu aurretik bost kontzertuko bira egingo dute Euskal Herrian zehar, eta emanaldi horietako bat izango da Azkoitian eskainiko dutena. Gainerako kontzertuak Donostian, Bilbon, Gasteizen eta Hondarribian eskainiko dituzte. Kanarietako Gazte Orkestra 55 musikarirekin etorriko da Azkoitira, eta Mendelssohnen 1. sinfonia eta Tchaikovskyren Biolinerako Kontzertua interpretatuko ditu. Kontzerturako sarrerak Entradium atarian eskuratu daitezke oraindik, 5 euroren truke.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide