Klik!

Uda sasoian, mapan altxor

Andoni Elduaien 2022ko uzt. 27a, 08:16

Udan bete-betean sartuta, zaila izango da beroa eta eguzkia gainetik kentzea hurrengo bi-hiru hilabeteetan. Herrian, ordea, badira horiei ihes egiteko zenbait gune, izan zuhaizpeak edo uretako guneak. Maxixatzen herriko txoko horien bila aritu da.

Zuhaizpea herrigunean

Auzoaren bereizgarrietako bat duen belardi luzea bada ere, Trenbidearen Zumardiko aldaparen erdi-erdian dagoen zuhaizpea azkoitiar askok egiten du bere udan. Elkarri guztiz itsatsita dauden hostoek ez diote eguzkiari izpi bakar bat ere igarotzen uzten. Leku paregabea da itzala gustuko duten herritarrentzat.

Urola ibaiaren ura

Uretan freskatzeko modu bat baino gehiago hautatzen dituzte herritarrek; izan ere, horretarako ez dago nahitaez igerilekura joan beharrik. Urola ibaian, batez ere Olotzaga parean, haur eta nerabe ugari ikusi ohi da udan, arraitxoekin batera igerian. Ibaiak dakarren ur hotza da, gainera, jolaserako bidelagunik onena.

Ipintzako bakea

Herrigunetik apur bat bereizita dagoen arren, Ipintza auzoan bada eguzkitik babestuta lasai eta patxada ederrean egoteko gune fresko bat. Belardiko mahaiek eta jarlekuek aukera ugari eskaintzen dute nahierarako, baita belarditik metro gutxira dagoen haurrentzako parkeak ere.

Juin azpiko zuhaizpea

Zuhaizpe honena ez da herriko ikuspegirik ederrena, baina Juin eraikinaren azpiko zuhaizpean jende ugari elkartzen da, batik bat, gaztetxoak. Paseatzetik bueltan atsedena hartzeko, edo besterik gabe, arratsaldea lagunartean kontu kontari igarotzeko oso leku egokia da.

Ugarteigarango estali gabeko igerilekuak

Udan freskatzeko nahiz aisialdirako gune izarrik bada Azkoitian; Ugarteigarango estali gabeko igerilekua da hori. Instalazioa haurren, gazteen zein helduen topagunea bihurtzen da ekainetik irailera bitartean. Asko eta asko joan ohi da goizean nahiz arratsaldean bainu bat hartzera eta zelaiaren gainean toalla zabalduta eguzkipean etzatera.

Uxer aldeko zuhaiztia

Herriko gune lasaietako bat Uxer aldean dago. Izarraitz mendikatearen azpiko eremu horretan enbor luzedun zuhaitzak daude, eta horiek itzal ederra sor tzen dute, bai paseorako, bai eserlekuetan jarrita egonaldia egiteko. Ez dago maiteminduta egon beharrik hara joateko, baina nerabe eta gazte askoren "ezkutalekua" da.

San Juango berdegunea

Udan gutxiago nabaritzen bada ere, herriko gainerako gunetan baino gradu batzuk gutxiago markatu ohi ditu termometroak San Juanen. Paseatzera joandako oinezkoek atsegin handiz hartzen dute inguru horretako gerizpeko freskotasuna. Halaber, berdegunea mahaiz eta jarlekuz atonduta dago, eta aproposa da arratsaldea edo iluntzea han pasatzeko. Hori bai, berdegunea uzterakoan gogoan izan hondakinak zaborrontzira botatzea.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide