Andremarietako plater-tiroketa saria jokatuko dute bihar Izarre Jandalon

Andoni Elduaien 2022ko uzt. 8a, 10:21
Plater-tiroketa sariketa bateko irudia, Izarre Jandalon. (Argazkia: Orion)

Goizean eta arratsaldean izango dira plater-tiroketa jaurtialdiak Izarre Jandalon. Lehia hasi aurretik, ordea, entrenamendu saioa egiteko aukera izango dute parte hartzaileek. Bihar, 17:30era arte egongo da sariketan izena emateko aukera.

Orion elkarteak antolatuta, andremarietako plater-tiroketa saria jokatuko dute bihar, larunbata, Izarre Jandalon. Goizean, 09:00etatik 12:00etara bitartean, entrenamendu saioa egiteko aukera izango dute parte hartzaileek zelaian bertan, eta segidan hasiko da lehia.

Goizeko jaurtialdia, 12:00etatik 13:00etara bitartean egingo dute, eta arratsaldekoa, 16:00etatik 17:30era. Sariketan Euskal Herriko Tiro Olinpiar Federazioaren arauak jarraitu beharko dituzte lehiakideek; hamabost plater laranja modalitatean, FosoRobot izenekoan, arituko dira horiek.

Antolatzaileek emandako datuen arabera, 30 lagun inguruk parte hartuko dute biharko sariketan. Hala eta guztiz ere, izena emateko aukera zabalik dago oraindik; izan ere, bihar 17:30era arte egongo da horretarako aukera, 30 euroren truke; 25 euro ordaindu beharko dira izena emateagatik eta 5 euro platerengatik. Izen-ematean jasotako diru guztia propotzionalki banatuko dute lehiaketako maila guztien artean.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide