Urrategiko jaiak ospatuko dituzte hilaren 8tik 10era

Anartz Izagirre 2022ko uzt. 4a, 09:00
2021eko Urrategiko Amaren eguneko mezaren irudi bat. (Julen Otaegi Leonet)

Bi urteko etenaren ostean, bueltan datoz Urrategiko festak, eta ohi bezala, uztailaren bigarren asteburuan ospatuko dituzte. Ostiralean, hilak 8, hasiko dira jaiak mus txapelketarekin, baina igandea izango da egunik oparoena ekitaldien aldetik.

Bi eguneko egitarau oparoarekin, bueltan datoz 2022an Urrategiko jaiak. Iaz eta 2020an ezin izan zuten jairik ospatu osasun krisia medio, baina aurtengorako hainbat ekintza antolatu dituzte. Ohi bezala, uztailaren bigarren astean ospatuko dituzte Urrategiko jaiak, eta lehen eguna ostirala, hilak 8, izango da. Hain zuzen ere, mus txapelketa azkarra jokatuko dute egun horretan 22:00etan hasita, eta lau sari egongo dira jokoan: lehen sailkatuak txapela, 300 euro eta oparia eramango ditu; bigarren sailkatuak, 150 euro eta oparia eskuratuko ditu; hirugarrenak, Isidro erretegian bi lagunentzako afaria eta oparia jasoko ditu, eta laugarrenak, bi oilasko eta oparia.

Txapelketarako izen-ematea egunean bertan izango da, Urrategiko elkartean. Bikoteko hogei euro ordaindu beharko da inskripzioa, eta joko legea ere zehaztu dute antolatzaileek: lau erregetara, lau usteletara eta lau hamarrekotara izango da lehia.

Igandean, gehiago

Jaiak ostiralean hasiko badira ere, igandean, hilak 10, izango dira ekitaldi gehien. Mezarekin hasiko dute eguna, eta horren ostean, Urdangarinen eta Zubeldiaren bertso saioa izango da. Eguerdian, horrez gain, herri kirol erakustaldia ere eskainiko dute Jon Unanue Goenatxo III.a-k, Mikel Larrañagak, Karmele Gisasolak eta Julen Alberdi Txikia IV.a-k. Arratsaldean, berriz, haurrentzako jolasak, asto-demak eta erromeria izango dira.

Hona hemen Urrategiko jaien egitaraua, osorik:

Uztailak 8, ostirala.

  • 22:00. Mus txapelketa azkarra
  • Sariak:
    • 1-. Txapelak + 300 euro + oparia.
    • 2-. 150 euro + oparia.
    • 3-. Isidro erretegian bi lagunentzako afaria + oparia.
    • 4-. Bi oilasko + oparia.

Uztailak 10, igandea.

  • 09:00. Meza.
  • 11:00. Meza Nagusia.
  • 12:00. Urdangarin eta Zubeldia bertsolarien saioa.
  • 12:30. Herri Kirolak: proba konbinatua.
    • Jon Unanue Goenatxo III.a eta Mikel Larrañaga.
    • Karmele Gisasola eta Julen Alberdi Txikia IV.a.
  • 13:30. Zabale eta Aintzane Agirrebeña trikitilarien saioa.
  • 16:30. Lopene eta bere abereak.
  • 16:30. Ume jolasak, puzgarriak eta tailerrak.
  • 18:00. Errezilgo Argindei, Aizarnazabalgo Xarpa eta Azkoitiko Txibilter astoen arteko dema saioak. Irabazlearentzat saria Lizarri Eraikuntzak etxeak ipinitako manta izango da.
  • Ondoren, Aintzane Agirrebeña eta Zabale trikitilarien erromeria.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide