Erabaki dira Azkoitiko L. Txikito Pilota Txapelketako txapeldunak

Nerea Uranga 2022ko uzt. 2a, 13:21

Azkoitiko L. Txikito Pilota Txapelketako hiru final jokatu dira gaur goizean Gurea pilotalekuan. Benjaminaurreko, benjamin eta kimuen mailako pilotariek parte hartu dute lehiaketan, Oteiza pilota elkarteak antolatuta.

Benjaminaurreko, benjaminetako eta kimuetako 68 pilotarik parte hartu dute Azkoitiko L. Txikito Pilota Txapelketan. Oteiza pilota elkarteak antolatu du lehiaketa. Hiru mailetako finalak gaur jokatu dituzte, 10:30ean hasita, Gurea pilotalekuan.

Benjaminaurrekoen mailan (2014. urtean jaiotakoak) Jon Azpiazuk eta Oihan Camposek osatutako bikoteak irabazi du txapela, Eneko Martijaren eta Aietz Akizmendiren kontra, 16 eta 11 irabazita. Benjaminetan (2013 eta 2012an jaiotakoak), berriz, 16 eta 7 irabazi dute finala Ekain Juaristik eta Jurgen Aizpuruak Julen Azpiazuren eta Jakes Kortadiren aurka. Kimuen mailako txapela Pello Alkortak eta Erik Ariztegik lortu dute Joanes Juaristiren eta Iker Garateren kontra 16 eta 4 eginda.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide