Jende ugari erakarri du Hika bertso saioaren II. edizioak

Anartz Izagirre 2022ko uzt. 1a, 11:28

Andoni Egañak, Miren Amurizak, Sebastian Lizasok eta Oihana Iguaranek bertso saioa eskaini zuten atzo, osteguna, Elkargunean. Horrez gain, I. Hike eizan! bertsopaper lehiaketaren sariak banatu zituzten.

Beste urte batez, bertsoa eta hitanoa izan dira protagonista Elkarguneko Herriko Plaza aretoan. Izan ere, II. Hika bertso saioa izan zen atzo, osteguna, eta lau bertsolari igo ziren abestera Elkarguneko agertokira: Andoni Egaña, Miren Amuriza, Sebastian Lizaso eta Oihana Iguaran; Imanol Artola Felix izan zen gai-jartzailea. Jende ugari erakarri zuen ekitaldiak, eta prestatuta zeuden aulkiak baino gehiago jarri behar izan zituzten saiorako.

Lau bertsolariek toka zein noka abesteko kemena izan zuten oholtzan, eta horrek ez-ohiko saioa bilakatu zuen atzokoa. Askotariko gaiak ezarri zizkien Artolak lau bertsolariei, horietako batzuk hitanoarekin zerikusia zutenak, eta beste batzuk, aldiz, ez.

Bestalde, I. Hike eizan! bertsopaper lehiaketaren sariak banatu zituzten. Helduen mailan Eli Pagola bertsolari hernaniarrak jaso zuen lehen saria, Tximista eta trumoia izeneko lanagatik; ez zen, ordea, sari banaketa ekitaldira azaldu. Halere, bere bertsoak entzuteko aukera izan zen sari banaketan. Bigarren saria, berriz, Aimar Goenaga eibartarrak eskuratu zuen, Amonak bilobari lanagatik, eta bere hiru bertso abestu zituen saria jasotzean. Helduen mailako Azkoitia saria, bestalde, Lide Rekondo azkoitiarrarentzat izan zen, Amonak bere bizitzaren errepasoa egiten dio bilobari izeneko bertso sortagatik; hark ere ezin izan zuen azaldu sari banaketara, baina bideoz pare bat bertso kantatu zituen, eta herritar batek jaso zuen saria bere ordez.

Gazteen artean, berriz, Naia Arrizabalaga bertsolari azkoitiarrak jaso zuen lehen saria, Eten punturik ez lanagatik. Hark ere bideo bat bidali zuen sari banaketa ekitaldira, eta herritar batek jaso zuen saria bere ordez. Oier Juaristi azkoitiarra izan zen bigarrena; Denbora azkarregi, goizetik gaueraino izeneko bertsoak aurkeztu zituen hark lehiaketara, eta bere bertsoak entzuteko parada ere izan zen. Azkoitia saria, bestalde, Noa Break, Intza Arrietak eta Maddi Arrietak osatutako hirukoteak jaso zuen; hiru lagun horiek Jakara bidaia izeneko lana aurkeztu zuten, baita bertso horietako batzuk agertokian kantatu ere.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide