Laso eta Altuna III.a elkarren aurka arituko dira Andre Maria egunean

Andoni Elduaien 2022ko eka. 29a, 10:00
Unai Laso buruz buruzko azken txapelduna. (baikopilota.eus)

Eskuz binakako txapelketako azken finaleko lau protagonistek jokatuko dute Andre Maria egunean, Azkoitiko Gurea pilotalekuan. Altuna III.ak Imazekin osatuko du bikotea, eta Lasok Martijarekin. Eskuz binakako Masters Caixabank txapelketari dagokion partida izango da hori.

Eskuz binakako azken txapelketako finala jokatu zuten lau pilotariak Azkoitiko Gurea pilotalekuan arituko dira abuztuaren 15ean, Andre Maria egunez. Bikote gorria osatuko dute Unai Lasok –buruz buruko azken txapelduna– eta Julen Martijak, eta urdina, Jokin Altuna Altuna III.a-k –lau eta erdiko azken txapelduna– eta Ander Imazek.

Atzo, asteartea, aurkeztu zuten 2022. urteko eskuz binakako Masters Caixabank txapelketa Bilbon, eta han jakinarazi zuten andramaixetan lau pilotari horiek Azkoitian jokatuko dutela. Txapelketako ligaxkak bost jardunaldi izango ditu, eta Azkoitiko partida laugarrena izango da. Aurten, sei bikotek parte hartuko dute txapelketan, eta horiek mistoak izango dira; hain zuzen, Aspe eta Baiko enpresetako pilotariek nahastuta jokatuko dute txapelketa. Honako hauek dira bikoteak: Laso-Martija, Altuna III.a-Imaz, Urrutikoetxea-Rezusta, Ezkurdia-Mariezkurrena II.a, Jaka-Zabaleta eta Irribarria-Albisu.

Punta-puntako pilota partida ikusteko aukera izango da, beraz, herriko festetan. Jaialdia osatuko duten pilotariak ezagutzea besterik ez da falta orain, baina horien berri eguna hurbildu ahala emango dute pilota enpresek. Bestalde, pilota partidak ikusteko sarrerak ere aurrerago jarriko dituzte saltzen.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide