Ireki dute andramaixetako X. Film Laburren Lehiaketan parte hartzeko izen-emate epea

Andoni Elduaien 2022ko eka. 27a, 10:52
Duela urte batzuk egindako lehiaketaren irudia.

Izena emateko epea uztailaren 8a itxiko da. Lanak aurkezteko azken eguna, berriz, abuztuaren 8a izango da. Aurtengo lehiaketarako hautatu duten gaia Gezurra da.

Andramaixetako X. Film Laburren Lehiaketan parte hartzeko izen-emate epea gaur, astelehena, ireki du Azkoitiko Udalak. Era berean, erakundeak gaur jakinarazi ditu aurtengo lehiaketara lanak aurkeztu ahal izateko herriko taldeek zein oinarri jarraitu beharko dituzten.

Gezurra da aurtengorako hautatu duten gaia, eta gai horri lotutako lanak aurkeztu beharko dituzte parte hartzaileek. Lehiaketan izena emateko azken eguna uztailaren 8a izango da, eta film laburrak aurkezteko epea abuztuaren 8an itxiko da. Lanak udaleko Kultura sailean aurkeztu beharko dira.

2019an egindako aldaketari eutsiz, film laburrek gehienez 12 minutuko iraupena izan beharko dute, eta euskaraz nahiz formatu digitalean aurkeztu beharko dira horiek. 16 urtetik gorako herritarrek har dezakete parte soilik lehiaketan.

Azken edizioetan bezala, aurten ere bi sari banatuko ditu erakundeak: Epaimahaiaren saria eta Ikuslearen saria. Bata zein bestea irabazten duen taldeak 300 euroko dirusaria eta oroigarria jasoko ditu.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide