Amelia Baldeon, Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko presidente berria

Andoni Elduaien 2022ko eka. 25a, 14:50

Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak batzarra egin du gaur Intsausti jauregian. Juan Bautista Mendizabal azkoitiarrak agintaldia bete ostean, Arabako batzordeko Amelia Baldeonek hartu du presidente kargua. Batzarra amaitu eta kaperan aurreskua eskaini ondoren, biolontxelo eta pianoforte kontzertua izan da jauregian.

Juan Bautista Mendizabalen eskutik hartu du Amelia Baldeonek, gaur, larunbata, Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen presidente kargua. Elkarteak kargu aldaketa ekitaldia egin du Intsausti jauregian, eta duela gutxira arte Arabako batzordeburua izan den Baldeon izango da aurrerantzean elkartearen presidentea.

Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak hiru urtean behin egiten du kargu aldaketa ekitaldia Intsausti jauregian. Juan Bautista Mendizabalek hartu du hitza lehenik, eta hark eman ditu batzarraren xehetasun guztiak. Azken hiru urteetan bere ardura izan den presidente karguaz ere aritu da azkoitiarra. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako batzordeetako eta Madrilgo gorteko ordezkari berriak ere aurkeztu dituzte, eta ondoren horiek baieztatu.

Mendizabalek eskerrak eman dizkie presidentea izan den bitartean bidelagun izan dituen Julian Serrano idazkariari eta Arbil Etxaniz diruzainari. "Duela hiru urte hartu genuen ardura uzteko garaia iritsi zaigu. Hartu nuen garaian bezainbesteko zintzotasunarekin uzten dut kargua", adierazi du azkoitiarrak. Era berean, adierazi du "egin beharrekoak eginda" uzten duela ardura, eta "harro" sentitzen dela "bihotzean" daraman erakundea ordezkatu duelako. 

Kargua utzi duen zuzendaritza lanerako "gogo biziz" aritu dela nabarmendu du hark, "agintaldiaren bi herenetan jasan behar izan ditugun mehatxuak eta baldintza izugarriak gaindituz". Aurreko zuzendaritzaren kudeaketatik zintzilik geratu ziren gaiak ere gainditu dituzte. Bide batez, "dirulaguntza garrantzitsuak" lortu dituztela adierazi du Mendizabalek. "Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako batzordeetan, Gortearen ordezkaritzarekin eta elkartearen zuzendaritzarekin banatutako funts horiekin, gure jarduerak biderkatzea eta hedabideetan presentzia handia izatea lortu dugu, baina, batez ere, gizarte osoan". Amelia Baldeonek ere hartu du hitza, eta hark azaldu du erronka betetzeko gogotsu dagoela bai bera eta bai berekin batera zuzendaritza beteko duen taldea. Batzarra, Agur jaunak abestuz amaitu dute.

Ondoren, kontzertua

Batzarra amaitu bezain pronto, Intsausti jauregiko kaperan aurreskua eskaini dute Sahatsa dantza taldeko eta Txalkor txistulari taldeko kideek. Hura amaitutakoan, Iagoba Fanlo biolontxelo jotzaileak eta Yago Mahugo pianoforte jotzaileak eskaini dute kontzertua Intsausti jauregian. Beethovenek ilustratuekin Azkoitira egindako bidaia izenburupean aritu da bikotea. Fanlok eta Mahugok Francisco Brunetti konposatzailearen eta biolontxelo jotzailearen Divertissement sobre un tema de G. Rossini jo dute, eta ondoren, Beethovenen Sonata en Re Mayor op. 102/2.

Hori guztia baino lehen, Fanlok Johann Sebastian Bachen Suite en Sol mayor para violonchelo solo BWV 1007 eskaini du, eta Mahugok Manuel de Gamarra organistaren, sortzailearen eta konposatzailearen Sonata en La menor y la Sonata en Do mayor para fortepiano solo.Fanlok Joan Guillami luthier kataluniarrak 1746an sortutako biolontxeloa erabili du kontzertuan, eta Mahugok Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak Intsausti jauregian duen 1788ko Broadwood & Son pianofortea.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide