Heltzear da suaren bueltan elkartzeko eguna

Andoni Elduaien 2022ko eka. 22a, 18:00
2019an piztu zuzten azkenekoz sua Balda plazan.

Bihar, San Joan bezpera, 22:00etan piztuko dute Balda plazan udalak antolatutako San Joan sua. Azkoitri triatloi klubeko eta Maxixatzen euskara elkarteko kideek izango dute sua pizteko ardura. Aurrez, 19:45ean, Kandiola zein Bizkargi dantza taldeek eta Txalkor txistulari taldeak Doniene saioa eskainiko dute.

Iristear da urteko egunik luzeena, eta ohi bezala, sua piztuta ospatuko dute eguna azkoitiarrek. Bihar, San Joan bezpera, San Joan suaren bueltan elkartuko dira herritarrak Balda plazan. Ohi bezala, udalak antolatutako San Joan sua piztuko dute han, eta aurten, Azkoitri triatloi klubak eta Maxixatzen euskara elkarteak izango dute horren ardura. Suaz gain, musikak eta dantzak ukitu berezia emango diote egunari, herriko musika eta dantza taldeek girotuko baitituzte herriko kaleak arratsaldetik gauerdira bitartean. 

Udalak aitortza egin nahi izan die Azkoitriri eta Maxixatzeni, herrian egindako ekarpenarengatik. Izan ere, Azkoitrik 30 urte bete ditu aurten, eta Maxixatzenek iaz bete zuen mende laurdeneko ibilbidea, urteurrena aurten ospatu badu ere. Hori hala, sua piztea "ondo merezitako omenaldia" izango dute udalaren iritziz. "Azkoitian ez litzateke hainbeste kirolari egongo Azkoitri triatloi klubaren bultzadarik gabe, eta euskararen osasuna ahulagoa litzateke Maxixatzen euskara elkarterik izan ez balitz".

Balda plazan sua gauean piztuko badute ere, jai giroa arratsaldetik aurrera izango da herriko kaleetan. 19:45ean, dantzari txikien Doniene saioa izango da Balda plazan. Dantza eta musika ikuskizuna eskainiko dute han Kandiola nahiz Bizkargi eskolako dantza taldeek eta Txalkor txistulari taldeak. Halere, 19:15ean, Gaztaneneako parkean elkartuko dira parte hartzaile guztiak, 19:30ean kalejiran aterako baitira Balda plazara. Azkoitiko Udal Musika Banda ere herriko kaleetan zehar ibiliko da kalejiran, 21:30etik aurrera.

Gauean, 22:00etan, piztuko dute San Joan sua Azkoitrik eta Maxixatzenek. Ekitaldian parte hartuko dute Sahatsa dantza taldeak, Iraurgi abesbatzak nahiz Parrokiako Abesbatzak eta Azkoitiko Udal Musika Bandak. Sua apaltzen denean, Bizkargi musika eskolako dantza taldeak XII. Zatoz Dantzara Balda Plazara emanaldia eskainiko du. Eguraldi iragarpenek euria egingo duela badiote ere, ikusi beharko da suaren festa itzaltzeko adinakoa izango den.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide