Zorua birgaitzeko lanak egingo dituzte asteburuan Munategiko eta Bazterretxeko biribilguneen artean

Anartz Izagirre 2022ko eka. 16a, 15:12
Munategiko biribilgunea.

Zoladuraren konponketa lanak gauez egingo dituzte, astelehenetik ostiralera. Errodadura geruza zabaltzeko lanak, aldiz, larunbatetan eta igandeetan egingo dituzte. Obrak egiten dituzten bitartean, Aldundiak zirkulazioa antolatuko du seinaleztatzaileen bidez.

Gipuzkoako Foru Aldundiak lehentasunezko eta oinarrizko sareetako errepide arruntetan zorua birgaitzeko zerbitzu kontratua du, eta datorren asteburuan hainbat lan egingo dituzte GI-631 errepidean, Azkoitiko udalerriaren barruan. Hain zuzen ere, 16,540 eta 17,415 KP-en artean gauzatuko dituzte lanak, Munategiko eta Bazterretxeko biribilguneen artean.

Alde batetik, zoladuraren konponketa eta aglomeratuzko tarteko geruza zabaltzeko lanak egingo dituzte, eta horiek, astelehenetik ostiralera, gauez egingo dituzte, "trafikoari ahalik eta gutxien eragiteko". Bestetik, errodadura geruza zabaltzeko lanak gauzatuko dituzte, eta horiek egunez egingo dituzte, larunbatetan eta igandeetan. Hori horrela, astelehenetik ostiralera, egunez, normaltasunez ibili ahal izango dute ibilgailuek GI-631 errepidearen zati horretan; hala eta guztiz ere, erabiltzaileei "kontu handiz" ibiltzeko eskatu die Aldundiak, zoladura eraikitzen ari baitira bertan. Era berean, obrak gauzatzen dituzten bitartean, zirkulazioa antolatuko du erakundeak, noranzko bakarrean, txandaka. Horretarako, seinaleztatzaileak jarriko dituzte.

Bestalde, asteburu honetan zehar bertan behera utziko dute Txerloia industrialdetik GI-631 errepiderako zuzeneko sarbidea, eta erabiltzaileei Bazterretxeko biribilguneko sarrera erabiltzeko eskatu diete. Horrez gain, Berrasoetako baserrietarako sarbidea erabilgarri egongo da, eta gauzatuko dituzten lanekin batera koordinatuta sartu ahal izango dira ibilgailuak gune horretara. Dena den, baserrietako bizilagunei sarbide hori ezinbesteko kasuetan soilik erabiltzeko eskatu diete.

Ekainaren 19an, igandea, obretako behin-behineko seinaleak desmuntatu egingo dituzte 19:00etatik aurrera, eta zirkulazioa bi noranzkoetan irekita egongo da. Beraz, birgaitze lanek eragindako GI-631 errepide zati horretan ohiko egoerara itzuliko da zirkulazioa.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide