Indarkeria matxistarik gabeko jaiak aldarrikatu dituzte Gipuzkoako Aldundiak eta udalek

Julene Frantzesena 2022ko eka. 15a, 09:30
Gipuzkoako Foru Aldundiko eta Gipuzkoako hainbat udaletako ordezkariek agerraldia egin zuten atzo. (Aldundia)

Gipuzkoako Aldundiko eta hainbat udaletako ordezkariek –tartean, Azkoitiko Udalekoak– agerraldia egin zuten atzo Donostian, indarkeria matxistaren aurrean "zero tolerantzia" dutela adierazteko. Haiek adierazi zutenez, jaietan gertatzen diren "urratze ludikoak" ezin dira festetan emakumeen aurkako indarkeria matxista legitimatzeko edo normalizatzeko aitzakia izan. Erasoen prebentziorako eta erasoen aurrean erantzun publikoa emateko konpromisoa azaldu zuten.

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta lurraldeko hainbat udaletako alkateek eta zinegotziek indarkeria matxistarik gabeko jaiak aldarrikatu zituzten atzo goizean Donostian egin zuten agerraldian. Indarkeria matxistaren aurrean "zero tolerantzia" dutela adierazi zuten erakundeetako ordezkariek, eta datozen hilabeteetan herrietan eta auzoetan egingo diren jaiak emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabeko gune izan daitezen konpromisoa agertu zuten.

Markel Olano Ahaldun Nagusiarekin batera izan ziren agerraldian hainbat zinegotzi eta alkate, tartean Mertxe Zubillaga Azkoitiko zinegotzia. Gipuzkoako erakundeek Berdintasunerako Foru Organoak sustatutako lan prozesu baten emaitza den adierazpena kaleratu zuten; izan ere, azken hilabeteetan lan jardunaldi batzuk egin dituzte politikari eta teknikari hainbatek. Besteak beste, jaietako sexu indarkeriaren ezaugarriei buruzko gogoeta gauzatu dute horiek, eta sexu erasoei aurre egiteko prebentzio, arreta eta erantzun publikodun politikak landu dituzte.

Adierazpena Markel Olano diputatu nagusiak, Maider Lainez Andoaingo alkateak, Aizpea Goenaga Errenteriako alkateak eta Ane Beitia Elgoibarko alkateak irakurri dzuten, eta indarkeria matxistarik gabeko jaiak aldarrikatu zituzten. Haiek adierazi zutenez, jaietan gertatzen diren "urratze ludikoak" ezin dira festetan emakumeen aurkako indarkeria matxista legitimatzeko edo normalizatzeko aitzakia izan. "Jaietako aisia eta gozamena emakumeen eskubidea da, eta eskubide hori berdintasunean gauzatzeko aukera izan behar dute".

Emakumeen aurkako sexu erasoak jaien testuingurutik kanpo uzteko lan egiteko konpromisoa agertu zuten, eraso horiek "egiturazko indarkeria testuinguruan puntualki gauzatzen den indarkeria matxista" direla zehaztuta. "Eraso horiek ez ditu festa giroak eragiten; giro hori hartzen da erasoa egiteko aitzakiatzat". Halaber, udalek eta aldundiak jaien antolaketan, sentsibilizazioan eta prebentzioan, biktimentzako arretari lotutako eta erasoen aurkako erantzun publikoa emateko "politika argiak" ezartzeko konpromisoa hartu zuten: "Jaiak emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe gozatzeko gune bihurtzeko ahal den guztia egiteko konpromiso partekatua berresten dugu. Gizarte osoari dei egiten diogu sexu indarkeria matxistaren existentziaz jabetu dadin, eta pertsona bakoitzak, bere erantzukizunaren esparruan, konpromiso aktiboa har dezan indarkeria matxistarik gabeko jaien alde".

Honako lotura honetan irakur daiteke Aldundiak eta udalek kaleratu duten adierazpen bateratua.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide