Elkarrekin Eraikitzen proiektuaren bederatzigarren edizioa ixteko jardunaldia egin dute Elkargunean

Ane Olaizola 2022ko eka. 14a, 15:33
Gaurko ekitaldian parte hartu duten ikasleak, irakasleak, udal ordezkariak zein eragileak. (Iraurgi Berritzen)

Azkoitiko eta Azpeitiko bost ikastetxetako ikasleek parte hartu dute proiektuan, eta horiek 60 elkarrizketa eta azterketa lan baino gehiago egin dituzte bailarako eragileekin. Izandako bizipenen berri emateko eta ondorioak plazaratzeko aukera izan dute gaurko ekitaldian, eta han parte hartu dute bi herrietako udal ordezkariek zein eragileek ere.

Iraurgi Berritzen Urola Erdiko garapen eta berrikuntza agentziak koordinatuta, Elkarrekin Eraikitzen proiektuaren aurtengo edizioaren amaiera ekitaldia egin dute gaur, asteartea, egitasmoan parte hartu duten ikastetxeek, Azkoitiko eta Azpeitiko udal ordezkariek zein hainbat eragilek. Azkoitiko Elkargunean egin dute saioa, eta proiektuan parte hartu duten ikasleek beren bizipenak plazaratzeko eta prozesuan ikasitakoa azaltzeko aukera izan dute beste urte batez.

Azkoitiko eta Azpeitiko honako bost ikastetxek parte hartu dute proiektuan: Azkoitia BHIk, Floreaga Salestar Ikastetxeak, Iraurgi Ikastetxeak, Ikasberri Azpeitiko Ikastolak eta Urola Ikastolak. Bederatzigarren urtez gauzatu dute Elkarrekin Eraikitzen proiektua, eta ikasleek zein irakasleek "oso positibotzat" jo dute aurtengoa. Guztira, 12 irakaslek eta 300 ikasle inguruk parte hartu dute, eta horiek 60 elkarrizketa eta azterketa lan baino gehiago egin dituzte bailarako 50 eragile ingururekin. Besteak beste, osasun zentroekin zein lehen sektoreko ustiategietako arduradunekin elkartu dira.

Proiektua amaituta, ondorioak ateratzeko tartea hartu dute gaurko jardunaldian, eta ikasleek hainbat ekarpen egin dituzte bertan: "Prozesuan zehar, taldean lan egiten ikasi dugu"; "lantaldeak interesen arabera antolatu ditugu, eta beraz, eskualdeko errealitate ekonomikoa ezagutzea oso interesgarria izan da"; "hasieran proiektua pixka bat arraroa izan zen, baina interesgarria izan da lan mundua ezagutzeko. Etorkizunerako baliagarria egingo zaigu proiektu hori lantzea", adierazi dute ikasleek, besteak beste.

Iraurgi Berritzenen arabera, hiru dira proiektuaren helburu nagusiak: "Batetik, ikasleen artean iniziatiba, talde lana zein komunikazio gaitasuna sustatu nahi dira, eta hori bete ahal izateko, proiektuak irakasleei metodologia berritzaileekin esperimentatzeko aukera eskaintzen die. Azken helburua da ikasleek eskualdeko egoera sozioekonomikoaren berri izatea, etorkizunean lan munduan sartu aurretik dagozkien erabakiak ahalik eta informazio gehienarekin har ditzaten".

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide