Herri Planaren zirriborroa aurkeztu die udalak herritarrei eta eragileei, Herrilab +700 parte hartze prozesuaren barruan

Ane Olaizola 2022ko eka. 8a, 11:01
Atzoko herri batzarraren irudi bat. (Azkoitiko Udala)

32 bat herritar zein eragile elkartu ziren atzo, asteartean, Elkargunean egin zuten herri batzarrean, udalak aurten egingo duen prozesuaren xehetasunak azaltzeko eta haien ekarpenak jasotzen hasteko. Hurrengo pausoa izango da herritarrei galdetegi bat zabaltzea eta haiekin elkarrizketak egitea.

Azkoitiko Udalak antolatuta, herri batzarra egin zuten atzo, asteartea, eragileek zein herritarrek, Herrilab +700 parte hartze prozesuaren barruan erakundeak aurtengorako duen proiektua azaltzeko. Izan ere, Azkoitiak 2024an 700 urte beteko ditu, eta horren inguruko lanketa abiatuta du joan den urteaz geroztik. Hain zuzen ere, iaz osatu zuten Herri Diagnostikoa oinarri hartuta, Udalak Herri Plana egingo du aurten, eta horren zirriborroa aurkeztu zien Elkargunean bildu ziren 32 bat herritar zein eragileri.

Besteak beste, Herri Plana osatzeko prozedura azaldu zien udalak han elkartutakoei, eta horretarako lan faseak noiz eta zer modutara egingo dituen jakinarazi zien. Ondoren, han elkartutakoek Herri Planaren zirriborroan txertatzeko ekintza zehatzak proposatzeko aukera izan zuten. Era berean, udalak jakinarazi du herritar guztiei galdetegi bat zabalduko diela aurki, eta banakako elkarrizketak ere egingo dizkie herritarrei. Ondorengo fasea uda ondoren hasiko da, eta ausaz aukeratutako herritar talde batek Herri Kontseilua osatuko du. Haren lana izango da Herri Plana baliozkotzea.

Prozesuak irauten duen bitartean, horren inguruko informazio guztia honako lotura honetan eskuratu ahal izango da: azkoitia.eus/gobernu-irekia/herrilab-700-urte/2022.

 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide