En Tol Sarmiento musika taldeak Azkoitian joko du andramaixetan

Andoni Elduaien 2022ko eka. 7a, 11:42
ETS musika taldeko kideak. (ETS)

Arabako musika taldeak abuztuaren 16an emango du kontzertua Azkoitian. Andramaixetako egitarauaren barruan joko dute herrian; izan ere, Sumendiak izenburupean apirilean hasi zuen taldeak aurtengo itzulia, eta horren barruan eskainiko dute Azkoitiko emanaldia.

En Tol Sarmiento (ETS) musika taldea Azkoitian izango da abuztuan. Musika taldeak sare sozialen bidez jakinarazi duenez, taldeak abuztuaren 16an eskainiko du kontzertua herrian. Kontzertuaren ordua oraindik ez badute zehaztu ere, andramaixetako egitarauaren barruan arituko dira arabarrak herriko plazan.

Musika taldea Iekoran (Araba) sortu zen 2005. urtean, eta harrezkero sei lan ondu dituzte. 2008an, taldeak berak ekoiztu zuen Vendimia Seleccionada, sei abestiz osatutako lehen maketa-diskoa; 2012. urtean, Hacia la Luna diskoa grabatu zuten; bi urte geroago, Zure Mundua izeneko hirugarren lana, eta hurrengo urtean, 2015ean, Araba Euskaraz egunerako abestia konposatu zuen taldeak. Urte berean, taldeak Beldurrik ez laugarren lana grabatu zuen.

Bi urtetako bira eskaini ostean, Ametsetan lana argitaratu zuen taldeak 2017an. 2019an, berriz, ETSk Herri Urratserako kantua konposatu zuen, eta urte berean, bere seigarren lana aurkeztu zuen musika taldeak, Aukera Berriak izenekoa. Hain zuzen, taldea azken lan hori aurkezten ari da gaur egun. Sumendiak izenburupean, apirilean abiatu zuen taldeak 2022. urteko bira, eta abuztuaren 16an Azkoitian egingo du geldialdia.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide