Jendetza, CDKL5 elkarteari laguntzeko lasterketa solidarioan

Andoni Elduaien 2022ko mai. 28a, 12:03

Abarketatxo ludotekako arduradunek jakinarazi dutenez, 320 dortsal inguru saldu dituzte eta beste horrenbeste izan dira gaur goizeko lasterketa solidarioan parte hartu duten herritarrak. CDKL5 gaixotasuna duen Azkoitiko familia eskertuta agertu da amaieran.

Gaur, larunbata, CDKL5 gaixotasuna ikusarazteko lasterketa solidarioa egin dute Azkoitian. Abarketatxo ludotekak antolatuta, 320 lagun inguruk parte hartu dute ekimenean, eta dortsalen bidez eskuratutako diru guztia CDKL5 elkarteari bideratuko diote. Hain zuzen, Azkoitian CDKL5 urritasunagatiko sindromea duen haurrari eta haren familiari babesa emateko antolatu du Abarketatxo ludotekak gaurko lasterketa solidarioa, eta antolatzaileek "arrakastatsua" izan dela adierazi dute.

Eman bostekoa edo CDKL5 zioten aldarrikapen pankartak eskuetan, haur, gazte eta heldu askok egin dute bat CDKL5 elkarteari laguntzeko ekimenarekin. Lasterka edo oinez, giro eta umore onean osatu dute parte hartzaileek 1,3 kilometroko ibilbidea. Herriko plazatik abiatu dute parte hartzaileek lasterketa, eta han amaitu, Ibaiondo zein Xabier Munibe kaleak eta Julio Urkixo etorbidea gurutzatu ondoren.

Helmugara iritsi aurretik, parte hartzaileek eta kalearen bi aldeetan elkartu diren herritarrek bidea ireki diete Azkoitian CDKL5 gaixotasuna duen haurrari eta haren familiari. Hain zuzen, txalo artean hartu dituzte Jon Ibarmia, Ekiñe Eizagirre, Maren haien alaba eta etxeko guztiak. Ekitaldia amaitzeko, Ibarmiak hartu du hitza eta ludotekak zein herritarrek emandako babesa eskertu du. "Guztion artean lortuko dugu", esan du hark.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide