Sahatsa dantza taldeak jaso du Azkoitiko I. Kultura Saria

Andoni Elduaien 2022ko mai. 27a, 21:12

Gaur, ostirala, jaso du aitortza berezia Sahatsak, plazan eta udaletxean egin duten ekitaldian. Dantza taldearen "urte luzeetako ibilbidea" txalotu nahi izan du udalak, euskal folklorearen sustapenean eta euskal dantza tradizionalen hedapenean "oinarrizko papera" izan duelako.

Sahatsa dantza taldeak jaso du Azkoitiko I. Kultura Saria. Azken 46 urteetan euskal dantza tradizionalen nahiz euskal folklorearen sustapenean egin duen lanagatik egin dio aipamena Azkoitiko Udalak dantza taldeari. Juan Luis Lizabe Sahatsako zuzendariak jaso du saria, Javier Zubizarreta alkatearen eskutik. Udaletxean egin dute sari banaketa ekitaldia. Hala eta guztiz ere, herriko plazan elkartu dira dantza taldearen ibilbidean era batera edo bestera parte hartu duten kideak, eta argazkia ere atera dute. Ondoren, Bizkargi dantza eskolako bi gaztetxok aurreskua eskaini diete guztiei, eta udaletxera bidean ongietorria egin diete txistulari taldearen doinuekin.

Bizkargi musika eskolako ikasleen piano doinuek ireki dute sari banaketa ekitaldia udaletxeko bilkura areto nagusian. Alkateak hartu du hitza han: "1976tik dantzan ari zarete, dantzan ikusi zaituztegu. Kuriositate bezala, jakin dut gure erretore jauna izan zela Trintxerpetik [Gipuzkoa] Urrestilara [Gipuzkoa] dantza irakasleak ekarri zituena, inguruotako gazteek dantzan ikas zezaten. Gerora, zuen oin jostariekin plazak eta antzokiak bete dituzue. Euskal dantza tradizionala plazaratzea eta ezagutaraztea izan da zuen nahia, gozatuz eta gozaraziz, lana eginez. Urteen poderioz, Sahatsa handia egiten joan da, erreferentziazkoa. Taldean urteak egin dituzuenontzat familia bihurtu da, eta gazteei dantzarako ateak zabaldu dizkiezue, dantzarako eta hamaika bizipenetarako".

Segidan, galdera bat luzatu die Zubizarretak ekitaldian elkartutako lagun guztiei. "Zer da herri bat dantza talderik gabe? Dantzarik gabeko herria ala dantzatzen ez duen herria?". Alkateak berak eman du erantzuna: "Herri isilagoa, tristeagoa eta ilunagoa bai, behintzat. Zuek herriari kolorea ipintzen diozue, hegoak ematen dizkiozue. Asko eman diguzue, asko jaso dugu, eta seguru nago emateko nahiz jasotzeko asko geratzen dela. Eskuzabaltasunik gabe ez dago herriarentzat dantza egiterik, ezta herriarekiko maitasunik gabe ere. Zuen eskuzabaltasuna, maitasuna, denbora eta ikuskizuna eskertu nahi ditugu gaur".

Era berean, Zubizarretak nabarmendu du dantza ez dela "dantza bakarrik", eta Sahatsak bezala "bihotza" eta "sormena" jartzen denean, dantza askoz ere gehiagoko kontua bihurtzen dela. "Ezpatak eta makilak gogoz astintzen dituzue, baita abarketak gastatu ere. Zaretenak zaretelako, ezin dugu ahaztu taldeen eta elkarteen atzean pertsonak daudela; oholtza gainetik onena emateko prest zaudeten pertsonak, zuen kasuan Juan Luis Lizaberen zuzendaritzapean. Izan dezala bizitza luzea Sahatsa dantza taldeak, jarraitu dantzara gonbidatzen bailarako gazteak eta helduak. Zorionik beroenak, eta besarkada bana dantza taldea hasieratik gaurdaino osatu duzuen guztioi".

Sahatsako kideak, eskertuta

Juan Luis Lizabe Sahatsako zuzendariak udalak egindako aitorpena eskertu nahi izan du saria jaso ondoren. Halere, Pello Larrañagak eman ditu azalpenak Sahatsaren izenean: "Eskertu nahi dugu egin diguzuen aitortza, eta herritarren aldetik Sahatsak izan duen estimua. Beti izan dugu Sahatsako kideok herritarron esker ona dantza taldearen ibilbidean. Sari edo aitortza hau horren ispildu dela sentitzen dugu", adierazi du Larrañagak. Txistulariak nabarmendu nahi izan du guztia taldearen 46 urteko bidean taldekide izan direnek egindako "lanari esker" izan dela. "Gaur egun kide direnek eta kide izan ziren guztiek taldearekiko izan duten konpromisoagatik iritsi gara gaur garen lekura".

Duela 46 urte sortu zen Sahatsa Urrestilan, eta hango gazteek erein zuten lehen hazia. Urrestilan bertan, gazte haiek bailarako gazteei ateak ireki zizkieten eta elkarrekin ekin zioten dantzaren eta folklorearen bideari. Filosofiari jarraituz, gaur egun berdin jarraitzen du taldeak, Azpeitiko eta Azkoitiko gazteek osatzen baitute taldea. Tartean, bailaratik harago, kostaldeko gazterik ere izan da Sahatsan. Dantza taldea "guztiz eskertuta" dago Azkoitiko eta Azpeitiko udaletatik jasotzen duten laguntzagatik. "Gure zereginetarako indarra izan dezagun, asko erraztu duzue bidea. Ez dugu uste I. Kultura Saria beste inork baino gehiago edo gutxiago merezi dugunik. Saria Azkoitiko bakarka edo taldean aritzen diren kultur eragile guztiekin partekatu nahi genuke. Ikusgarritasun handia izaten dutenekin gogoratzeko joera izan ohi dugu orokorrean, eta ondo legoke hain ezagunak ez direnekin gogoratuz, haiena ezagutaraztea ere", azaldu du Larrañagak. Azkenik, Sahatsak bere esker ona adierazi nahian, dantza saio labur batekin itxi dute ekitaldia.

Tatari aipamen berezia

Sonia Vazquez Kultura eta Gazteria zinegotziak, berriz, laster erretiroa hartuko duen Jesus Arrizabalaga Tata udaleko Kultur teknikariak egindako lana eskertu nahi izan du. "Sahatsaren antzera, urte luzez herri honetako kultura sustatzearen alde lan egin du, eta herriko talde nahiz herritarren ondoan egon da beti. Ezkutuko lana izan da berea; argazkirik gabea, baina oso gertukoa", adierazi du Vazquezek Tatari aipamen berezia eginez. Arrizabalaga ere oso eskertuta agertu da jendaurrean. Ekitaldian zehar, gainera, Josu Odriozolak egindako bideoa ere erakutsi dute. Sahatsa dantza taldearen ibilbidea eta historia laburbildu du azkoitiarrak ikus-entzunezkoan. 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide