Udalak eta Caritasek lankidetza hitzarmena sinatu dute

Julene Frantzesena 2022ko mai. 27a, 08:55

Ianire Igoa zinegotzia, Javier Zubizarreta alkatea eta Felix Azurmendi erretorea. (Azkoitiko Udala)

Azkoitiko Caritasek, espetxe eta osasun pastoraltzak egiten, herriko elikagai bankua kudeatzen eta garapen bidean diren herriak laguntzen ditu. Proiektu horiek sustatzeko, 12.424 euroko dirulaguntza jaso du elkarteak.

Udalak eta Caritasek lankidetza hitzarmena sinatu dute, elkarte horrek garatzen dituen programak eta proiektuak laguntzeko helburuz. Azkoitiko Caritasek, besteak beste, espetxe eta osasun pastoraltzak egiten ditu, baita herriko elikagai bankua kudeatu eta garapen bidean diren herriak lagundu ere, eta diru bilketarako tonbola ere jartzen du andramarietan. Hainbat boluntario aritzen dira Caritasen lanean, eta udalaren esanetan, "txalotzekoa" da elkarteko kideek egiten duten ekarpena.

Proiektu horietara bideratzeko, 12.424 euro eman dizkio udalak, eta Javier Zubizarreta alkateak eta Felix Azurmendi erretoreak izenpetu dute akordioa. Hitzarmenaren sinaketan izan da, gainera, Janire Igoa Gizarte Zerbitzuetako zinegotzia.