Udalekuetan "haur guztiek tokia" izango dutela baieztatu du udalak

Anartz Izagirre 2022ko mai. 25a, 12:58

Zozketarik egin beharrik ez dela izango jakinarazi du erakundeak, eta eskainitako 450 plaza bete egingo direla. "Bi txandatan parte hartu ahalko dute horrela nahi duten eta eskatu duten guztiek", adierazi du Sonia Vazquez Gazteria zinegotziak.

Azkoitiko Udalak jakinarazi duenez, dagoeneko itxi dute aurtengo udal udalekuetan izena emateko aurreinskripzioa, eta "haur guztiek tokia" izango dutela baieztatu du erakundeak. Eskainitako 450 plazak bete egingo dira, eta ez da zozketarik egin beharrik izango. Beraz, udalekuetan izena eman duten haur guztiak onartuko dituzte, bai txanda bakarra eskatu dutenak eta bai bi astetarako eskaera egin dutenak. "Udalekurik gabe ez da inor geratuko, eta astebeteko txandak finkatu genituen arren, bi txandetan parte hartu ahalko dute horrela nahi duten eta eskatu duten guztiek", azaldu du Sonia Vazquez Gazteria zinegotziak.

Behin betiko izen-ematea datorren astelehenean, maiatzak 30, irekiko dute, eta ordainketa ere egun horretatik aurrera egin ahal izango da. Ekainaren 3a, ostirala, izango da izena emateko azken eguna, eta erabiltzaileei eskaera-orrian zehaztutako helbide elektronikora bidaliko diete inskribatzeko eman beharreko pausoen informazioa. Gazteria Zerbitzuan eman beharko da izena astelehenetik ostiralera, 16:30etik 20:00etara bitartean, eta ordainagiria zein Osakidetzako txartelaren kopia aurkeztu beharko dira izapide horretan, baita familia ugarien ziurtagiria ere, edukiz gero.

Udaleku Lantegietako izen-ematea

Bestalde, dagoeneko eman daiteke izena Udaleku Lantegietan, eta ekainaren 12an amaituko da horretarako aukera. Udaleku Lantegiak uztailaren 4tik 15era bitartean egingo dituzte —10:00etatik 13:00etara bitartean—, eta 8 eta 16 urte bitarteko haurrei eta gaztetxoei zuzendurik daude. Ondorengo ekintzen artean aukeratu ahal izango dute erabiltzaileek, beren adin tartearen arabera: marrazketa artistikoa, Eskuz Briko, Kodeka Robotika, ilustrazio marrazketa, arteterapia, bideo-jokoen programazioa, grafismo digitala, multikirola eta Kodeka Teknologia.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide