CDKL5 elkarteari laguntzeko azoka ari dira egiten Abarketatxo ludotekako haurrak

Andoni Elduaien 2022ko mai. 24a, 09:00

Azokan haurrek egindako eskulanak ari dira saltzen. (Abarketatxo)

Ostegunera bitartean ludotekan egingo dute azoka, eta ostiralean, herriko plazan. Era berean, Gazteria Bulegoak gogorarazi du larunbateko lasterketa solidariorako dortsalak jaso daitezkeela dagoeneko.

Abarketatxo ludotekako haurrek eta gazteek egindako eskulanekin azoka ari dira egiten ludotekan. CDKL5 gaixotasunari ikusgarritasuna emateko proiektu bat ari dira lantzen aurten ludotekan, eta horren bueltan hainbat ekintza antolatu dituzte. 

Joan den astean, berriz, CDKL5 gaixotasuna duen haur baten Azkoitiko familia batek hitzaldia eskaini zuen. Aste honetan, berriz, azoka eta lasterketa solidarioa egingo dituzte. Azoka atzo, astelehena, hasi zuten, eta ostiralera bitartean egingo dute Elkargunean, 17:00etatik 19:00etara bitartean. Ostiralean, aldiz, herriko plaza nagusian jarriko dute postua, 17:30etik 20:00etara.

Lasterketa solidariorako dortsalak

Datorren larunbatean, 11:00etan, CDKL5 elkarteari laguntzeko lasterketa solidarioa egingo dute Azkoitiko kaleetan. Kilometro pasatxoko ibilbidea prestatu dute izena emanda dauden lasterkarientzat. Parte hartzaileek Gazteria Bulegoan jaso eta ordaindu beharko dute dortsala; ostiralera bitartean jaso ahalko dira dortsalak bulegoan, baina lasterketa egunean plazan ere jaso ahalko dira. Helduek 5 euro ordaindu beharko dute izen-ematea, eta 12 urtetik beherakoek 3 euro. Gazteria Zerbitzuak jakinarazi duenez, jasotako diru guztia CDKL5 elkarteari bideratuko diote.