Anaitasunaren gizonen bigarren taldea mailaz igo da

Andoni Elduaien 2022ko mai. 23a, 13:26

Gorengoen Mailara igo den taldea. (Argazkiak: Anaitasuna)

Larunbatean 3 eta 0 irabazi zuten San Juan zelaian Zumaiakoren aurka. Borja Rocha entrenatzaileak zuzentzen duen taldea Gorengoen mailara igo da. Jubenilen 1go mailako taldea ere mailaz igo da, eta infantil mailako taldeak Gipuzkoako txapelketa irabazi du.

Asteburu oparoa izan da Anaitasuna futbol taldearentzat. Gizonezkoen 1go Erregional mailako taldea Gorengoen Mailara igo zen larunbatean, San Juanen Zumaiakori 3 eta 0 irabazi ondoren. Borja Rocha entrenatzaileak zuzentzen duen taldeak atsedenaldirako lortu zituzten neurketako hiru golak, eta erabakita utzi zuten lehia; Julen Olaizola, Iñigo Orbegozo eta Joanes Calvo izan ziren taldeko golegileak. Partida amaieran gogotik ospatu zuten jokalariek maila igoera.

Anaitasunaren harrobiko beste bi talderentzat ere ona izan da asteburua; izan ere, 1go Jubenil mailako taldeak Gorengoen Jubenil mailara igotzea lortu zuen asteburuan, Berako (Nafarroa) Gure Txokoa taldeari Txerloian 4 eta 0 irabazi ondoren. Era berean, Infantilen 1go mailako taldeak Gipuzkoako txapelketa irabazi zuen atzo, igandea, Deban. Elgoibarren aurka 2 eta 1 nagusitu ziren gorritxoak eta txapeldunen kopa jaso zuten amaieran.

Jubenil taldeak Txerloian jokatu zuen neurketa.

Infantil mailako taldea, txapeldunaren koparekin.