Joseba Diazek Katedrala-Gorbea mendi lasterketa irabazi du

Nerea Uranga 2022ko mai. 22a, 19:38

Joseba Diaz Katedrala-Gorbea lasterketako podiumean. (Argazkia: Joseba Diaz)

Katedrala-Gorbea lasterketak 27 kilometroko ibilbidea du, eta 500 korrikalarik parte hartu dute. Diazek 11 minutuko aldea atera dio bigarrenari.

Gasteizko Santa Maria Katedrala (542 metro) eta Gorbea mendiko gurutzea (1.482 metro) lotzen dituen Katedrala-Gorbea lasterketa jokatu da gaur. 27 kilometroko ibilbidea duen proban 500 korrikalarik parte hartu dute, eta gizonetan bidea osatzen azkarrena Joseba Diaz azkoitiarra izan da, 1:56:48 denboran eginda. Bigarren egin duen Gustavo Sanchezi 11 minutuko aldea atera dio Diazek, Sanchezek 2:07:43 denboran osatu baitu proba. Hirugarren Alberto Pelaezek egin du 2:09:08 denboran.

Emakumeetan irabazlea Ruth Brito gasteiztarra izan da, hark 2:35:39 denbora behar izan du Gorbeako gurutzera iristeko. Emakumeen podiuma Ines Morenak (2:39:57) eta Julia Crespok  (2:48:24) osatu dute.

Joseba Diaz Katedrala-Gorbea lasterketan. (Argazkia: Joseba Diaz)