Ehun txirrindularik hartu dute parte Antton Oñederraren Omenezko III. Lasterketan

Mailo Oiarzabal 2022ko mai. 21a, 18:52

Txirrindulari gaztetxoek ikuskizun polita eskaini dute Trenbidearen Zumardian, Peña Elorzak antolatutako proban.

Benjamin, alebin eta infantil mailatako ehun neska-mutil elkartu dira gaur arratsaldean Azkoitian, Peña Elorza txirrindulari elkarteak antolatutako Antton Oñederraren Omenezko III. Lasterketan parte hartzeko.

Ibilbide berria estreinatu du aurten txirrindulari gaztetxoentzako probak. Trenbidearen Zumardiaren bi zuzenguneak eta horiek lotzen dituen biribilgunean ibili dira gora eta behera txirrindulariak. Hamazazpi txirrindulari irten dira benjaminen lasterketan, eta bi itzuli egin dizkiote horiek zirkuituari. Alebinena izan da pelotoirik jendetsuena, 43 txirrindularirekin; sei itzuli osatu dituzte horiek. Azkenik, infantilen lasterketan aritu diren 40 txirrindulariek hamabi itzuli eman behar izan dizkiote zirkuituari.

Sailkapenei dagokienez, Aimar Irizar, Oinatz Idiakez eta Eritz Ugarteburu izan dira aurreneko hirurak alebin mutilenean; eta Katixa Navarro, Ainhoa Plaza eta Izaro Ezpeleta, berriz, neskenean. Infantiletan, Aner Irizarrek, Urko Bikuñak eta Enaitz Eizagirrek osatu dute mutilen podiuma, eta Izar Ezkiberrek, Aroa Saezek eta Olatz Insaustik, neskena. Benjamin mailan ez da sailkapenik egiten.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide