Jone Zabaletak 5.000 metroko lasterketa irabazi du Jacksonvillen

Andoni Elduaien 2022ko mai. 16a, 15:26
Jone Zabaleta, Jacksonvilleko lasterketan. (Argazkia: utzitakoa)

Bere denbora onenetik minutu batera amaitu zuen korrikalari azkoitiarrak 5 kilometroko proba. Maiatzean amaituko du denboraldia AEBetan, eta etxera itzulita, lasterketa ugari jokatu beharko ditu ekainean.

5.000 metroko lasterketa irabazi du asteburuan Jone Zabaleta korrikalari azkoitiarrak, Jacksonvillen (Florida, AEB). Zabaletak 1.500 metroko proban parte hartu zuen eguerdian eta laugarren amaitu zuen proba. Handik bi ordutara jokatu zuen 5.000 metroko lasterketa, eta azkoitiarrak atzean utzi zituen gainerako aurkariak. Bere denbora onenetik –16:02– urrun gelditu zen Zabaleta Jacksonvillen; izan ere, 17 minutu eta bi segundoan gelditu zuen hark ordularia. Hala eta guztiz ere, "oso gustura" zen azkoitiarra lasterketaren amaieran, EKU taldearentzat puntuak batzea lortu baitzuen.

Maiatzaren 27an amaituko du Zabaletak denboraldia AEBetan. Sasoi honetarako korrikalari azkoitiarrak zuen desioetako bat Bloomington hiriko Ekialdeko Txapelketan parte hartzea zen, eta helburua gauzatzeko aukera izango du. Ekainean itzuliko da etxera, eta egutegia bete-betea izango du. Hasteko, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako txapelketa jokatuko du Durangon (Bizkaia), eta ondoren, Guadalajaran (Espainia), Castellon (Herrialde Katalanak) eta Iruñan arituko da. Ekainaren 25ean, bestalde, Espainiako txapelketa jokatuko du Nerjan (Espainia).

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide