Candido Beristain zena oroitu dute haren doinuz lagunduta, musika bandaren egunean

Maialen Etxaniz 2022ko mai. 14a, 16:09

Candido Beristainen musika errepertorioko zenbait lan aurkeztu dituzte Azkoitiko Udal Musika Bandak, Txalkor txistulari taldeak eta Iraurgi abesbatzak. Mendea bete da Beristain zena jaio zela eta, hura gogoratzeko eskaini dute gaur eguerdiko kontzertua Kontzejupean. Juan Ramon Azpitartek Beristain zenaren irudidun koadroa egin du, eta Javier Beristain semeak jaso du gaurko ekitaldian.

Azkoitiko Udal Musika Bandak bere eguna ospatzeko hitzordua zuen jarrita gaurko. Ekitaldi bereziarekin ospatu dute aurtengoan eguna, eta urteurren berezia baliatu dute horretarako. Hain zuzen, Txalkor txistulari taldearekin eta Iraurgi abesbatzarekin batera aritu da musika banda Azkoitiko Kontzejupean, Candido Beristain zenaren jaiotzaren mendeurrenean. Otsailaren 23an bete ziren 100 urte Candido Beristain zena jaio zela, eta sortzaile eta musikari azkoitiarraren doinuak aurkezteko emanaldia eskaini dute gaur eguerdian, 12:30ean hasita. Herritar ugari bertaratu da ekitaldira. Bertan, azkoitiarraren konposizioak eskaini dituzte bandako, abesbatzako eta txistulari taldeko kideek, eta harrera beroa egin diete herritarrek. Gainera, Juan Ramon Azpitartek Beristain zenaren irudidun koadroa eman die haren senideei. Hain zuzen,  Javier Beristain semeak jaso du koadroa bertaratutakoen txalo artean. Hunkituta agertu da Beristain.

Musika bandarako konposizio asko egin zituen Beristainek, eta musika bandako kideek haren abesti batzuk eskaini dituzte gaurkoan, haien arabera “kantu guztiak eskaintzeko kontzertu bat baino gehiago” beharko lituzketelako. Txalkor txistulari taldeak ere parte hartu du emanaldian, eta Beristainek sortutako Txalkor abestia eskaini dute haiek. Iraurgi abesbatzak, bestalde, Azkoitiko doinuak eta Anaitasuna abestietan parte hartu du.

Santa Zezilia eguna ospatzeaz gain, Azkoitiko Udal Musika Bandako kideek urtero ospatzen dute beraien eguna, eta gaurkoa baliatuko dute horretarako. Beristain zenak sortutako eta konposatutako abestiak jo dituzte lehenik plazan: Txungurrun, Txanbolin, El Gordo y el Flaco, Txalkor, Azkoitiko doinuak, Floresito, Gure Poza, Candido Beristain, Xoxote, Umore Ona, Gazteak, Iru Iturri eta Anaitasuna. Kontzejupeko emanaldiaren ondoren, bazkaria egin dute eguna borobiltzeko. 

(Argazkiak: Azkoitiko Udala)

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide