Ekainaren 5ean izango da XXXVIII. Ikaskirol Krossa

Andoni Elduaien 2022ko mai. 14a, 09:00
2019ean egin zuten azkenekoz Ikaskirol krosa.

Ekaineko lehen igandean jokatuko dute azken bi urteetan egin ez den haur eta nerabeen lasterketa. 10:30ean hasiko dira haurren lasterketak, eta 11:55ean abiatuko da helduenen proba. Dagoeneko eman daiteke izena Ikaskirol krosean.

XXXVIII. Ikaskirol Krossa ekainaren 5an izango da. Ikasle ugarik parte hartuko dute atletismo proban, hain zuzen HH4 mailatik hasi DBH2 mailara arteko 900 neska-mutil inguruk. HH4 mailako haurren lasterketarekin ekingo diote probari 10:30ean, eta DBH1 zein DBH2 mailetako ikasleen lasterketarekin amaituko da, 11:55ean. Dagoeneko zabaldu dute lasterketetan izena emateko epea, ikastetxeetan banatu baitituzte izen-emate orriak.

Azken urteetan bezala, HH4 eta HH5 mailetako ikasleak Beti Poz elkartearen paretik abiatuko dira. Bi maila horietako haurrek Plazaberriko helmugan amaituko dute ibilbidea. LH eta DBH mailetako korrikalariek, aldiz, parrokia parean izango dute irteera, eta Plazaberrin helmuga. LH1 eta LH2 mailetako umeek itzuli txiki bat emango diote ibilbideari; LH 3 eta LH4 mailetako ikasleek bi itzuli txiki; LH5 eta LH6 mailetako haurrek itzuili txiki bat zein handi bat –kasu horretan Klara Donea kaleraino joango dira Trino Uria kaletik itzultzeko–. DBHko ikasleek, azkenik, bi itzuli handi osatu beharko dituzte.

Proba guztiak amaitutakoan, 12:30 inguruan, maila guztietako parte hartzaileen artean opariak zozketatuko dituzte, eta ondoren sari banaketa egingo dute. Sariak eta opariak Plazaberrin bertan banatuko dituzte. Ikasle guztiek, gainera, domina jasoko dute proban parte hartzeagatik. Hona hemen lasterketa guztien ordutegiak:

  • 10:30ean, HH4ko ikasleen lasterketa (400 metro, itzuli txiki bat, Beti Poz elkartean hasita).
  • 10:45ean, HH5eko ikasleen lasterketa (400 metro, itzuli txiki bat, Beti Poz elkartean hasita).
  • 10:55ean, LH1eko ikasleen lasterketa (550 metro, itzuli txiki bat, parrokia parean hasita).
  • 11:05ean, LH2ko ikasleen lasterketa (550 metro, itzuli txiki bat, parrokia parean hasita).
  • 11:15ean, LH3ko ikasleen lasterketa (1.100 metro, bi itzuli txiki, parrokia parean hasita).
  • 11:25ean, LH4ko ikasleen lasterketa (1.100 metro, bi itzuli txiki, parrokia parean hasita).
  • 11:35ean, LH5eko ikasleen lasterketa (1.550 metro, itzuli txiki bat zein handi bat, parrokia parean hasita).
  • 11:45ean, LH6ko ikasleen lasterketa (1.550 metro, itzuli txiki bat zein handi bat, parrokia parean hasita).
  • 11:55ean, DBH1 eta DBH2ko ikasleen lasterketa (2.000 metro, bi itzuli handi, parrokia parean hasita).

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide