Eskuzko Gipuzkoako Herriarteko Txapelketako Azkoitiaren eta Bergararen arteko partida, bertan behera

Andoni Elduaien 2022ko mai. 12a, 17:03
Azkoitiko eskuzko pilotariak, Oteiza frontoietan.

Bergarak eta Azkoitiak Gurea pilotalekuan jokatu behar zuten final zortzirenetako joaneko partida bihar, ostirala. Bergarako pilotariek, ordea, uko egin diote kanporaketa jokatzeari lesioak medio, eta, beraz, Azkoitia zuzenean sailkatu da final laurdenekoetara. Aurten, 50 urte betetzen dira Azkoitiak eskuzko Gipuzkoako Herriarteko Txapelketa lehen aldiz irabazi zuenetik. Igandean, bestalde, gomazko paletako final zortzirenetako itzulerako partidak jokatuko dituzte Azkoitiko palistek.

Bihar, ostirala, jokatu behar zuten Oteiza Pilota Kirol Elkarteko kideek eskuzko Gipuzkoako Herriarteko Txapelketaren joaneko partida Gurea pilotalekuan, baina bertan behera gelditu da. Bergarako pilota elkarteko kideek, lesioak medio, uko egin diote kanporaketa jokatzeari; hori dela eta, Azkoitia zuzenean sailkatuko da txapelketaren final laurdenekoetara.

50 urte beteko dira aurten Azkoitiak Gipuzkoako Herriarteko Txapelketako txapela lehen aldiz jantzi zuenetik; 1972. urtean lortu zuten balentria hura orduko pilotariek. Harrezkero, beste hamabost txapel jantzi ditu Azkoitiak, Gipuzkoa osoan beste inork baino gehiago: 1974an, 1975ean, 1977an, 1978an, 1980an, 1981ean, 1982an, 1984an, 1988an, 1995ean, 1996an, 1997an, 1999an, 2003an eta 2006an jantzi zuen Gipuzkoako txapela Azkoitiak. Txapeldunorde, ostera, sei aldiz gelditu da herria. Gipuzkoako herrien artean parte hartze handiena ere Azkoitiak du; izan ere, 53 aldiz aritu da eskuzko txapelketan.

Aurten, hamabost pilotarik eman dute izena eskuzko Herriartekorako. Kadeteen mailan, Oier Aldazabal, Ioritz Azkoitia, Inhar Egaña eta Denis Galarza arituko dira; jubeniletan jokatuko dute Mikel Aranbarrik, Jon Etxanizek eta Alex Juaristik. Nagusietan, bestalde, Aitor Azkoitia, Iñaki Azkoitia, Alex Juaristi, Jon Juaristi, Aitor Oteiza, Jon Oteiza, Jagoba Uranga eta Joseba Zendoia daude inskribatuta.

Kadete mailako pilotariak.

Jubenil mailako pilotariak. Mikel Aranbarri falta da.

Nagusien mailako pilotariak. Hainbat lagun falta dira.

Zestoa-Tolosa kanporaketako irabazlearen aurka aritu beharko dute pilotari azkoitiarrek txapelketaren final laurdenetan; kanporaketa hori etxean hasiko dute Oteiza elkarteko kideek, eta soilik finalerdietara iritsiz gero hasiko lituzke kanporaketak Azkoitiak etxetik kanpo. Fase horretara iritsiz gero, Amasa-Villabona, Ataun, Lasarte-Oria edo Azpeitia izango lukete aurrean herriko pilotariek. Eskuzko Herriartekoaren finala ekainaren 25ean izango da. Hona hemen Herriartekoaren koadroa:

Gomazko paletan, itzulerakoak

Eskuzko pilotariek bezala, gomazko palista azkoitiarrek ere etxean jokatuko dute asteburuan. Joan den astean ekin zioten txapelketari Zarautzen, eta herritarrek 0 eta 3 irabazi zuten. 7 eta 20 nagusitu zen Jokin Aizpuru kantxa osoan buruz buru jokatutako lehen partidan, 13 eta 20 irabazi zuten binaka Oier Beitiak eta Igor Juaristik eta 3 eta 20 zazpi irabazi zuen Iker Epeldek koadroren barruko buruz burukoan.  

Azkoitiko palistak, Oteiza frontoietan.

Bederatzi palistak ordezkatuko dute aurten Azkoitia: Amaia Aizpuru, Jokin Aizpuru, Marcos Azpiroz, Oier Beitia, Iker Epelde, Oier Epelde, Igor Juaristi, Igor Larrañaga eta Aratz Zabaleta. Itzulerako partidak igandeko 11:00etan jokatu dituzte Gurea pilotalekuan, eta 25 tanto egitea aski izango dute palista azkoitiarrek final laurdenetara sailkatzeko. Hurrengo fasean zain dute Soraluze, eta lehen fasea gaindituz gero, etxean hasiko luke Azkoitiak final laurdenetako kanporaketa. Gomazko paletako finala ekainaren 19an izango da. Hona hemen gomazko paletako Herriartekoaren koadroa:

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide