Ekhi eta Nora izan ziren iazko jaioberrietan Azkoitian gehien errepikatu ziren izenak

Andoni Elduaien 2022ko mai. 12a, 09:00

Azkoitiko Bake Epaitegiak emandako datuen arabera, iaz 2020an baino lau haur gutxiago jaio ziren Azkoitian, 48 mutil eta 38 neska, hain zuzen ere. Gehien errepikatutako izenak Ekhi eta Nora izan ziren.

Azkoitiko Bake Epaitegiak Maxixatzen.eus-i emandako datuen arabera, Ekhi eta Nora izan ziren iaz, 2021ean, Azkoitian jaiotako haurren artean gehien errepikatu ziren izenak; izan ere, hiruna haurri jarri zizkioten bi izen horiek herrian. 

Ekhi eta Nora izenez gain, birritan errepikatuta ageri dira Bake Epaitegiak emandako datuetan Ibai, Iker, Dieynaba, Luka, Mikel eta Oihan izenak. 2021ean Azkoitiko gurasoek neskei zein mutilei errepikatutako izenak zortzi izan ziren orotara. Errepikatu gabeko izenak, berriz, 68 izan ziren.

Guztira, 86 haur jaio ziren iaz Azkoitian —2020an baino lau haur gutxiago—, eta horietatik 48 izan ziren mutilak (jaioberrien %55,8) eta 38 neskak (jaioberrien %44,2). 2020an, berriz, 90 haur jaio ziren Azkoitian, eta horietatik 47 izan ziren neskak eta 43 mutilak. Hori horrela, 2020. urtean baino lau mutil gehiago eta zortzi neska gutxiago jaio ziren herrian 2021. urtean. Guraso azkoitiarrek hainbat izen errepikatu zituzten duela bi urte, baina jarrienak Mohamed, Ane eta Haizea izan ziren azkoitiarren artean.

2019. urtean, 91 haur jaio ziren Azkoitian, 49 neska eta 42 mutil; 2018. urtean, 74 haur munduratu ziren –41 mutil eta 33 neska–, eta 2017. urtean, 115 izan ziren Azkoitian jaiotako umeak. Hori horrela izanda, 2017az geroztik izan den bigarren jaiotza daturik baxuena izan zen iazkoa.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide