Arantza Ezenarrok eta Borja Rubiñosek eskainiko dute Udaberriko Musikaldiko bigarren kontzertua

Andoni Elduaien 2022ko mai. 12a, 09:00
Arantza Ezenarro sopranoa.

18:30ean eskainiko du bikoteak 30. Udaberriko Musikaldiko bigarren kontzertua, Santa Kutz komentuan. Hainbat artista ezagunen doinuak aurkeztuko dituzte azkoitiarren aurrean. Ohi bezala, doako autobus zerbitzua jarriko du udalak komentura joan-etorria egiteko.

Joan den asteburuan hasi zen 30. Udaberriko Musikaldia Santa Kutz komentuan. Daniel Garcia piano-jotzaileak, Pablo Martin Caminero kontrabaxistak eta Gorka Hermosa akordeoilariak eskaini zuten lehen kontzertua. Maiatzeko asteburu guztietan izango da emanaldiren bat Santa Kutz auzoko komentuan, eta larunbatean, maiatzak 14, zikloko bigarren kontzertua eskainiko dute Arantza Ezenarro sopranoak eta Borja Rubiños pianistak. 18:30etik aurrera, Alessandro Scarlatti, Giuseppe Giordani, José Gonzalo Zulaika-Aita Donostia edota Francisco de Madina Igarzabal-Aita Madina konpositoreen obrak eskainiko ditu bikoteak, besteak beste.

Ezenarrok Musikabin hasi zituen ikasketak, eta Europanm zehar egin zituen gero urratsak, harik eta 2008an Alemanian debuta egin zuen arte. Reziaren rolarekin Gluck musikariaren Die Pilger von Mekkan, Alexander Liebreichen, Municheko ganbera-orkestraren eta Vera Nemirovaren zuzendaritza eszenikoaren zuzendaritzapean aritu izan da Ezenarro. Era berean, zuzendari ospetsuekin lan egin du: Christian Thielemann, John Mauceri, Friedrich Heider, Manfred Mayrhofer, Cristian Mandeal, Manuel Coves, Omer Meir Wellber eta Caballé-Domenech. WDR Rundfunkorchester Köln orkestrarekin, Sächsische Staatskapelle Dresden orkestrarekin eta RTVEko orkestrarekin ere lan egindakoa da donostiarra.

Borja Rubiños, bestalde, Irungo (Gipuzkoa) Kontserbatorioko irakasle laguntzailea da. Donostiako Orfeoiarekin, KUP Taldearekin, Salamancako Unibertsitateko (Espainia) antzinako musika akademiarekin eta European Chamber Operarekin kolaboratu ohi du klabezinista laguntzaile gisa. Donostiako Conductus Ensemble eta Conjunto Barroco talde barrokoetan ere parte hartu du. Halaber, Opus III Ensemble perkusio-taldeko ohiko pianista da, baita Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren eta Nafarroako Orkestra Sinfonikoaren kolaboratzailea ere.

Doako autobus zerbitzua ezarriko du udalak Santa Kutz komentura joan-etorria egiteko; autobusa 18:00etan aterako da Julio Urkixo kaleko autobus geralekutik, eta kontzertua amaitutakoan jaitsiko da herrira. Autobuserako izena ematea ez da beharrezkoa izango. 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide