Lur gaineko Euskal Herriko Sokatira Txapelketaren jardunaldia jokatu dute Trenbidearen Zumardian

Anartz Izagirre 2022ko mai. 7a, 18:28

Guztira, lau talde aritu dira nor baino nor gehiago lehian: Gaztedi A eta B, Goiherri eta Mutriku. Eguraldi ona lagun, hainbat herritar joan da zelaietara jardunaldia ikustera.

Lur gaineko Euskal Herriko Sokatira Txapelketa gaur hasi da, eta lehen jardunaldia Azkoitian jokatu dute. Hain zuzen ere, Trenbidearen Zumardiako zelaietan egin dituzte tiraldiak txapelketa ikustera gerturatu diren herritarren babespean, eta lau talde lehiatu dira elkarren aurka: Mutriku (Gipuzkoa), Erandioko (Bizkaia) Goiherri, eta Laukizko (Bizkaia) Gaztediren A nahiz B taldeak. 680 kiloko modalitateko lehia izan da jokatu dutena, eta Gaztediren bi taldeak izan dira elkarren aurkako lehen tiraldia egin dutenak. 

Azken urteetan sei taldek parte hartu izan dute lur gaineko sokatira txapelketan. Mutrikuko sokatira taldeak antolatu du txapelketa Azkoitiko Udalaren babesarekin. Mutriku da egun lur gaineko probetan parte hartzen duen Gipuzkoako sokatira talde bakarra, eta zaletasuna sortzeko nahiz gazte jendea sokatirara erakartzeko asmoz antolatzen dute urtero proba Gipuzkoako herriren batean, normalean Azkoitian.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide