Peña Elorza txirrindulari taldeak lasterketetarako ibilgailu berria du, udalari esker

Nerea Uranga 2022ko mai. 6a, 17:08
Peña Elorza txirrindulari taldekoak Azkoitiko Udalak erositako autoarekin. (Argazkia: Azkoitiko Udala)

Peña Elorza txirrindulari taldeak martxoan ekin zion denboraldi berriari, eta benjamin, kimu eta infantil kategoriatan lehiatzen ari dira taldeko txirrindulariak, eta maiatzaren 21erako maila horientzako zirkuitu proba prestatzen ari dira Azkoitian. Kirol taldeak lasterketetarako behar zuen autoa erosi dio Azkoitiko Udalak, eta ofizialki atzo eman zion.

Gaur egun hemeretzi txirrindulari eta bost entrenatzaile ditu Peña Elorza txirrindulari taldeak benjamin, kimu eta infantil mailetakoak. Bi urteko etenaren ostean, joan den martxoan ekin zieten lasterketei, eta taldeak proba horietara joateko behar zuen autoa Azkoitiko Udalak erosi dio, bigarren eskuko bat. Ofizialki atzo eman zion autoa erakundeak txirrindulari taldeari, Angel Martin Kirol zinegotziaren eskutik. Udalari eskertzeko, Peña Elorza txirrindulari taldeko txirrindulariek eta entrenatzaileek familia argazkia atera zuten.

Maiatzaren 21erako txirrindularitzako zirkuitu proba prestatzen ari da Peña Elorza talde Azkoitian. 900 metroko ibilbidea izango duen zirkuitu bat atonduko dute, eta benjamin, kimu eta infantil kategoriako txirrindulariek parte hartuko dute. Mailaren arabera, zirkuituari hiru, sei edo hamabi itzuli eman beharko dizkiote parte hartzaileek. 16:30ean hasiko da lasterketa, Trenbidearen Zumarditik.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide