Juaristi ISBk mailari eusteko "hil ala biziko" derbia jokatuko du bihar Acunsa Gipuzkoaren kontra

Nerea Uranga 2022ko mai. 7a, 09:00
Juaristi ISBren partida bat, Azpeitiko kiroldegian. (Argazkia: Mikel Amenabar Otola)

Espainiako Urrezko LEB ligako Gipuzkoako bi saskibaloi taldeen arteko derbia jokatuko da bihar, igandea, 18:00etan, Azpeitiko kiroldegian. Nor baino nor ariko dira Juaristi ISB eta Acunsa Gipuzkoa Basket.

Juaristi ISBk eta Acunsa Gipuzkoa Basketek Urrezko LEB ligako 32. jardunaldia jokatuko dute bihar, igandea, 18:00etan, Azpeitiko kiroldegian. Maila horretan lehian ari diren Gipuzkoako bi taldeen arteko derbia izango da biharkoa; etxeko taldearentzako mailari eusteko "hil ala bizikoa", saskibaloi klubak adierazi duenez. Acunsak, berriz, biharkoa galduko balu, aukera gutxi izango lituzke Play Offak jokatzeko. Derbia izateaz gainera, etxeko harrobiko jokalariak izango ditu talde aurkarian Iraurgik; izan ere, Xabier Ooroz azkoitiarrak eta Aitor Zubizarreta azpeitiarrak jokatzen dute Acunsa Gipuzkoan.

Juaristi ISBrentzako partida garrantzitsua denez, zaletuen babesa ezinbestekoa dutela adierazi du Iraurgi SBk. Horregatik, bihar arratsaldean Azpeitiko kiroldegira joatera animatu dituzte zaleak. Partidarako sarrerak Internetez honako helbidean eros daitezke: https://www.flowte.me/storefront/isb-1?s=2912.

Otsailean Acunsaren kontra Donostian jokatutako norgehiagokan 80-70 galdu zuen Juaristi ISBk.

Biharko partidaren atsedenean, nesken Infantil mailako Marmoles Aztiria ISB taldekoek saskibaloi federazioaren txapeldunen saria jasoko dute.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide