'Giselle' balleta Kursaalean ikustera joateko doako autobusa izango da Azkoititik

Anartz Izagirre 2022ko mai. 5a, 14:14
Espainiako Dantza Konpainia Nazionalaren 'Giselle' balletaren irudi bat.

Maiatzaren 29an eskainiko du ikuskizuna Espainiako Dantza Konpainia Nazionalak Donostian, eta sarrera eskuratzen duten herritarrek joan-etorria autobusez egiteko aukera izango dute, Azkoitiko Udalaren bitartez aurrez erreserbatuz gero. Kursaal Eskura egitasmoaren barruko eskaintza da.

Espainiako Dantza Konpainia Nazionalak Giselle balletaren bere azken bertsioa eskainiko du maiatzaren 29an Donostiako Kursaalean, eta emanaldi hori ikustera Azkoititik joan nahi dutenek joan-etorria autobusean eta doan egiteko aukera izango dute. Kursaal Eskura egitasmoaren barruan, Kursaal Eszenarekin hitzarmena dute Azkoitiko, Azpeitiko eta Zestoako udalek, herri horietatik Kursaaleko zenbait kontzertu eta ikuskizunetara joan nahi dutenei garraioa errazteko, eta Giselle balleta ikuskizun horietako bat izango da.

Autobusean izena eman nahi dutenek maiatzaren 23a baino lehen eman beharko dute izena kultu@azkoitia.eus helbide elektronikora idatzita edo 943- 85 71 70 telefonora deituta. Udalak jakinarazi duenez, autbouseko tokia erresbatu aurretik balleterako sarrera erosi beharko da, Kursaalaren webgunearen bitartez.

Autobusa antolatzeko gutxienez hamabost pertsonak eman beharko dute izena, eta, bestela, ekimena bertan behera geldituko da. Azkoitian, Azpeitian zein Zestoan egingo du geldialdia autobusak, eta Azkoititik 17:30ean aterako da autobusa, Julio Urkixo kaleko geralekutik. Emanaldia 19:00etan izango da.

Eskaintza berezia

Langabetuek eta 30 urtez azpiko herritarrek hiru eurotan eskuratu ahal izango dituzte ikuskizunerako sarrerak, eta, horretarako, ezinbestekoa izango da horiek aurrez erreserbatzea 943-85 71 70 telefonora deituta. Behin erreserba eginda, Kursaaleko leihatilara gerturatu beharko dute interesdunak ikuskizunaren egunean bertan, eta bere adina (Ordu Gaztea) zein lan egoera (langabetua) egiaztatu ostean, sarrera ordaindu beharko du.

Espainiako Dantza Konpainia Nazionalak erromantizismo espainiarraren ikuspegitik sortutako Giselle balletaren bertsio berria da Donostian aurkeztuko duena, eta Becquerren poesia iturri hartuta, besteak beste, Espainiako tradizioak zein escuela bolera deiturikoak ikusi ahal izango dira ikuskizunean.

 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide