Dantzari Txiki Eguna ospatuko dute igandean

Andoni Elduaien 2022ko mai. 5a, 10:17

11:30ean Julio Urkixo etorbidean elkartuko dira dantzariak eta musikariak, eta handik Balda plazara nahiz herriko plazara joango dira, bi plazetan dantza saioak eskaintzeko.

Datorren igandean, maiatzak 8, 46. Dantzari Txiki Eguna ospatuko dute Azkoitian. Kandiola zein Bizkargi dantza taldeek eta Txalkor txistulari taldeek antolatuta, 11:30ean aterako dira kalera dantzari txikiak. Hain zuzen, Julio Urkixo etorbidean egingo dute bilkura dantzariek eta musikariek.

Elkartu ondoren, Balda plazara kalejiran abiatuko dira 11:45ean, eta ondoren, 12:00etan, eguneko lehen dantza saioa eskainiko dute Balda plazan. 12:30ean, Balda plazatik Inazio Iriarte Margolaria kalera joango dira kalejiran, eta 13:00etan, dantza erakustaldia egingo dute herriko plaza nagusian. Eguraldi iragarpenak onak badira ere, euria eginez gero Dantzari Txiki Eguna Elkargunean ospatuko dutela aurreratu dute.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide