Bizi testamentuaren inguruko hitzaldia izango da hilaren 9an

Ane Olaizola 2022ko mai. 4a, 09:33

Hurkoa Fundazioko ordezkari Andikona Uriartek eskainiko du hitzaldia, Aldez aurreko azken nahiak, bizi testamentua eta autotutela. Etorkizuna erabakitzeko eskubidea izenpean. Elkargunean izango da saioa, 19:00etan.

Azkoitiko Udalak eta Hurkoa Fundazioak, Azkoitia Lagunkoiarekin elkarlanean, hitzaldia antolatu dute aldez aurreko borondateen eta bizi testamentuaren inguruan. Datorren astelehenean, hilaren 9an, izango da solasaldia (19:00), Elkargunean, eta Hurkoako ordezkari Andikona Uriartek eskainiko du, Aldez aurreko azken nahiak, bizi testamentua eta autotutela. Etorkizuna erabakitzeko eskubidea izenpean. 

Antolatzaileek adierazi dutenez, bizi testamentuaren bidez norbanakoak erabakitzen du zer osasun laguntza eta tratamendu jaso nahi dituen bere borondatea adierazteko gauza ez denean edo "askatasunez" egin ezin duenean. Era berean, hildakoan bere organoekin zer egin nahi duen ere adierazi dezake bizi testamentuaren bidez. Gai horretan sakonduko dute hitzaldian.