Igone Pagadizabalek irabazi du kintopekoen Udaberriko Idi Dema Saria

Andoni Elduaien 2022ko mai. 4a, 09:43

Atzo, asteartea, egin zuten sari banaketa ekitaldia. (Argazkiak: Ibon Errazu)

Atzo, asteartea, jokatu zuten idi dema sariketako azken jardunaldia, eta plazaratzen azkena izan zen Igone Pagadizabal hondarribiarraren uztarriak egin zuen markarik onena; 58 plaza egin zituzten harek idiek. Zallako (Bizkaia) Zornotza anaiak sailkatu dira bigarren, eta Errezilgo Belamendi hirugarren.

Igone Pagadizabalek irabazi du 2022. urteko Azkoitiko kintopekoen Udaberriko Idi Dema Saria. Atzo, asteartea, jendetzaren aurrean plazaratu zituen idiak hondarribiarrak, eta 58 plaza osatuta, harentzat izan ziren sariketako txapela eta mantak. Izan ere, larunbatean Zornotza anaiek egindako lana hobetu zuen atzo Pagadizabalek. Alegriak eta Tubilak jardun zuten itzain lanetan hondarribiarraren idiekin eta Arzadun aritu zen ordulariarekin.

Ostiralean jokatu zuten idi dema sariketako lehen jardunaldia Gurea probalekuan, eta Etxabe, I. Lopetegi eta Etxetxo aritu ziren nor baino nor gehiago. Lopategiren idi pareak egin zituen ostiralean plaza gehien; hain zuzen, 52 plaza eta 3,57 metro osatu zituen etxe horretako uztarriak. Etxabek, berriz, 47 plaza eta 2,98 metro egin zituen, eta Etxetxo 34 plaza osatzera heldu zen. Larunbatean, berriz, beste hiru idi pare aritu ziren probalekuan, eta Zornotza anaiek ostiraleko lanak hautsi zituzten. Zallarrek (Bizkaia) 56 plaza, lau zinta eta 3,83 metro egin zituzten Gurean, aurtengo ordurako arteko markarik onena eginez. Errezilgo Txokolateren idi pareak ere ostiraleko plaza kopurua hobetu zuen, baina bizkaitarrek baino lau plaza gutxiago egin zituzten idiekin; harriari 52 plaza, bi zinta eta 3,18 metro eginarazi zizkioten. Igeldok, aldiz, 40 plaza eta 3,32 metro egin zituen. 

Astelehenean eta atzo, asteartea, jokatu zituzten sariketako beste bi jardunaldiak. Astelehenean, Errezilgo Belamendik egin zituen plaza gehien: 53 plaza eta 2,17 metro. Lan horri esker, sailkapen orokorreko hirugarren postua lortu zuten errezildarrek. Arzadunek, berriz, 47 plaza, bi zinta eta 2,88 metro egin zituen, eta Maiak 39 plaza. Atzo jokatu zuten azken jardunaldia Gurean, eta Hondarribiako (Gipuzkoa) Igone Pagadizabalek 58 plaza eginda lortu zuen garaipena. Billabasok lortu zuen eguneko bigarren markarik onena, 50 plaza, hiru zinta 1,65 metro eginda. Olidenek, aldiz, 50 plaza egin zituen.

Hori horrela, honela gelditu da Azkoitiko kintopekoen Udaberriko Idi Dema Sariko sailkapena:

  1. Igone Pagadizabal (Hondarribia): 58 plaza
  2. Zornotza anaiak (Zalla): 56 plaza, lau zinta eta 3,83 metro
  3. Belamendi (Errezil): 53 plaza eta 2,17 metro
  4. Txokolate (Errezil): 52 plaza, bi zinta eta 3,18 metro
  5. I. Lopategi (Birle): 52 plaza eta 3,57 metro
  6. Billabaso (Maruri): 50 plaza, hiru zinta 1,65 metro
  7. Oliden (Orio): 50 plaza
  8. E. Arzadun (Aia): 47 plaza, bi zinta eta 2,88 metro
  9. Etxabe (Aizarnazabal): 47 plaza eta 2,98 metro
  10. Igeldo (Ezkio): 40 plaza eta 3,32 metro
  11. Maia (Aia): 39 plaza
  12. Etxetxo (Arroa): 34 plaza